Gizartea -
GASTEIZ
Gasteizko Lauko Finalerako segurtasun dispositiboa eta aholkuak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak garraio publikoa erabiltzea eta Fernando Buesa pabiloira denboraz joatea gomendatzen du, sarrerako kontrolak zorrotzak izango direlako.
EITB.EUS
Maiatzaren 17tik 19ra bitartean Gasteizen jokatuko den Euroligako Lauko Finalari begira, Ertzaintzak, Gasteizko Udaltzaingoarekin elkarlanean, segurtasuna bermatzeko dispositiboa prestatu du.
Ertzaintzaren aldetik herritarren segurtasunerako Gasteizko ohiko baliabideek eta hainbat unitate berezik parte hartuko dute dispositiboan, hala nola, Brigada Mugikorrak, Txakur Unitateak, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak, Esku-hartze Unitateak, Lurpeko Operazio Taldeak, Zaintza eta Erreskate Unitateak eta beste hainbat unitate eta zerbitzuk. Halaber, Ertzaintzaren Gasteizko ertzain-etxean ezarriko da dispositiboaren jarraipena egiteko mahaia.
Horrez gain, zaintza eta kontrol dispositiboak ezarriko dira Fernando Buesa pabiloiaren sarreretan eta hiriko beste hainbat eremutan, tartean, Andre Maria Zuriaren Plazan lau taldeetako jarraitzaileentzat jarriko den Zaleentzako Gunean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak segurtasunarekin lotutako informazioa eta aholkuak biltzen dituen 6.000 diptiko banatuko ditu jarraitzaileen artean (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, errusieraz eta turkieraz), hoteletan, kiroldegian, Zaleen Gunean eta hiriko beste hainbat lekutan.
Aholkuak
Egunotan ezingo da Buesa Arena pabiloiaren inguruan aparkatu, eta, beraz, garraio publikoa erabiltzea aholkatzen zaie zaleei.
Hiri barruko garraioa errazteko, autobus-zerbitzu bereziak jarriko dira abian, eta "Mobility Pass" jarriko da interesa duten pertsonen eskura. Eskumuturreko pertsonal eta besterenezin horrekin nahi adina bidaia egin ahal izango dira Buesa Arenara joango diren autobus berezietan nahiz hiriko autobusetan eta tranbian, maiatzaren 17ko 09:00etatik maiatzaren 20ko 09:00etara. 10 euroko prezioa du.
Bestalde, pabiloira sartzeko kontrolak zorrotzak izango direnez, denborarekin joatea gomendatzen dute. Halaber, gogoratu dutenez, ezingo dira poltsa handiak, paketeak eta maletak sartu.
Ertzaintzak azpimarratu duenez debekatuta dago:
- Armak, bengalak, petardoak, substantzia sukoiak, ke eragileak edo korrosiboak, gailu piroteknikoak eta objektu arriskutsuak, hala nola, kristalezko objektuak, aerosolak, botilak, latak, bideokamerak, puntadun aterkiak, selfieak egiteko makilak, aire-bozinak eta abar sartzea.
- Alkoholdun edariak, droga toxikoak, substantzia sorgorgarriak edo psikotropikoak edo antzekoak sartzea.
- Indarkeria, arrazakeria, xenofobia edo intolerantzia sustatzen duten ikurrak edo banderak sartzea edo erakustea.
- Alkoholdun edo drogen eraginpean egonda sartzea.
- Indarkeriazko portaerak, arrazistak, xenofoboak edo intoleranteak erakustea.
- Sarrera baliagarririk gabe sartzea edo lekua aldatzea.
Partidak
· Maiatzaren 17an, 18:00etan, Fenerbahçe - Anadolu Efes
· Maiatzaren 17an, 21:00etan, CSKA Mosku - Real Madril
· Maiatzaren 19an, 17:30ean, 3. eta 4. postuak
· Maiatzaren 19an, 20:30ean, finala