Gizartea -

Ekainaren 8an

2.500 boluntariok eta 300 urpekarik plastikoa jasoko dute Urdaibaiko itsasadarrean

Garbiketan parte hartzeko plaza guztiak beteta daude jada. Zero Plastiko Urdaibaik ekimenak antolatu du, eta helburua da eremuan dagoen zaborra kentzea eta ingurumena zaintzearen garrantzia erakustea.

Gaztelugatxen plastikoa bilduko dute. Argazkia: Julen Iturbe
Gaztelugatxen plastikoa bilduko dute. Argazkia: Julen Iturbe
Gaztelugatxen plastikoa bilduko dute. Argazkia: Julen Iturbe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2.500 boluntariok eta 300 urpekarik Urdaibaiko kostaldean plastiko bilketa egingo dute ekainaren 8an, Zero Plastiko Urdaibai jardunaldian. Ekimen horren helburua da eremuan dagoen zaborra kentzea eta ingurumena zaintzearen garrantzia erakustea.

Ekimenaren antolatzaileek —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bermeoko Izaro Sub urpekari taldea— gaur azaldu dutenez, ekimenak harrera beroa izan du, eta hitzordurako bi aste geratzen diren honetan, bete dituzte jada boluntarioentzat libre zeuden plazak (babestutako eremu bat izanda, plazak mugatuak dira).

Agerraldian emandako azalpenen arabera, garbitzen aritzeko izen-emate gehiago onartzen ez badira ere, erakunde antolatzaileek interesa duten guztiak gonbidatu dituzte 13:00etatik aurrera Ekoetxea Urdaibaira joan daitezen. Han, askotariko jarduerak antolatu dira adin guztietako lagunentzat, hala nola emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindako lana eskertzeko.

Hainbat artistak parte hartuko dute, besteak beste, Busturiko txistulariak, Irrintzi Alai Dantza Taldea, Konboak & Some Rockers, Kiking and Alive eta Marenek. Halaber, ekitaldi gehiago egingo dira: bertsolariak, bisita gidatuak Urdaibai Biosfera Erreserbaren erakusketan, mikroplastikoei, ibai garbiei eta ekopatruilari buruzko hitzaldiak (AZTIk, Urak eta Mater Museoak emango dituzte) eta plastikoak birziklatzeko lantegiak. Jardunaldia osatzeko, arratsaldean, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, hondakin plastikoak eta bestelako materialak erabiliz.

Garbiketa lanak, 09:30etik aurrera

Garbiketa lanak 09:30ean hasiko dira, eta esku hartzeko eremua 14 tartetan banatu da, Gaztelugatxetik Elantxoberainoko itsasertzean. Tarte bakoitzean kontrolgune bat jarriko da, parte hartzen dutenei behar den materiala emateko (elastikoa, eskularruak, poltsak, baheak), eta arduradun bat egongo da, sortzen den gertakari orori kasu egiteko. Lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bilduko dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek, horiek ere boluntarioak.

Jarduera eremua 14 tartetan banatu da: Gaztelugatxe, Matxitxako-Tonpoi, Bermeoko portua, Mundaka, Sukarrieta-Busturia, Busturia, San Kristobal, Urbieta-Itsasadarra, Ubidea, Solabe-Laida, Laga, Elantxobe, Itsasoa eta Urdaibai Bird Center.

Zero Plastiko Urdaibai ekimen jasangarria dela nabarmendu dute antolatzaileek. Erronka Garbia ziurtagiria dauka, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emana. Horregatik, Bermeo eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko, Bizkaibus edo Euskotrenen garraio publikoa erabiltzea aholkatu dute. Era berean, garraio kolektiboa behar duten parte-hartzaile guztiek garraio sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan.

Ekoetxea Urdaibai ingurura ezingo da ibilgailu pribatuan sartu. Horrela, aparkalekua prestatuko da Sukarrietako udalekuen aurrean, Itsasbegiko tren-geralekuaren ondoan, Busturian. Antolatzaileek loturako autobusak ere jarriko dituzte Euskotreneko Itsasbegi, Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik Ekoetxea Urdaibaira joan ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Gaztelugatxe Euskadiko kutsadura Urdaibaiko Biosfera Erreserba gaur