Gizartea -
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta Iruñean, genero indarkeria egotzita
Atxiloketetako bi Nafarroako hiriburuan izan dira, eta hirugarrena, ostera, Gasteizen.
EITB.EUS
Azken orduotan, hiru pertsona atxilotu dituzte Iruñean eta Gasteizen, genero indarkeria delituak egotzita.
Gasteizen, 36 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Aranbizkarra auzoan, bikotekideari eraso egitea leporatuta.
Udaltzaingoak 01:30ean jaso du abisua, Ballester gotzainaren kalean emakume bat laguntza eske ari zela esanez. Bertaratu diren udaltzainek biktima eta gertaeren lekuko izan den emakume bat topatu dituzte.
Horien kontakizunaren arabera, bikoteak eztabaida gogor bat izan du eta gizonak astindu eta jo egin du. Udaltzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu dute. Atxilotua gaur igaroko da epailearen aurretik.
Iruñean, berriz, beste bi gizon atxilotu zituzten atzo, genero indarkeria delituak leporatuta. Udal iturriek ez dute atxiloketen inguruko xehetasunik eman nahi izan. Aitzitik, indarkeria kasu oro salatzeko deia egin dute.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.