Gizartea -
Gertaera
Gasteizko hilketaren ustezko egileak poliziaren egoitzan jarraitzen du
Gainera, 25 urteko beste gizon bat ikertzen ari dira, gertakariarekin zerikusia duelakoan. Bigarren pertsona hori beste auzi bategatik preso dago.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak ostiralean atxilotutako 33 urteko gizonak poliziaren egoitzan jarraitzen du, Gasteizen 75 urteko emakume baten hilketa egotzita. Lapurreta egiteko asmoz, emakumea larriki zauritu zuten etxeko atarian, eta bi egun geroago, ospitalean hil zen. Gizonezkoa datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
Gainera, 25 urteko beste gizon bat ikertzen ari dira, gertakariarekin zerikusia duelakoan. Bigarren pertsona hori beste auzi bategatik preso dago, baina erasoa gertatu zenean baimenarekin libre zegoen, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Erasoa maiatzaren 12an jazo zen, Aranbizkarra auzoko Hortaleza kalean. Antza denez, bi gazte emakumearen atzetik sartu ziren atarian, eta elkarrekin igo ziren igogailuan. Bertan, hainbat kolpe eman zizkioten eta aldean zeramana lapurtu zioten.
Emakumea larri zaurituta eraman zuten ospitalera, eta bi egun geroago hil zen.
33 urteko gizona ostiral goizean atxilotu zuen Ertzaintzak, erasoaren ardura leporatuta. Bigarren susmagarria, 25 urteko gaztea, beste auzi bategatik preso dago, baina erasoa gertatu zenean baimenarekin libre zegoen, eta gertaera horrekin zerikusirik izan zuen ikertzen ari dira.