Gizartea -

#PlastikoariBoikota

Plastikoarekin bildutako elikagairik ez, astebetez

Ekainaren 3tik 9ra plastikozko ontzi edo poltsetan datozen elikagaiak ez kontsumitzeko deia egin dute Zero Waste Espainia elkartekoek. Helburua saltoki handiei eta multinazionalei presio egitea da.

Fruta plastikozko ontzian sartuta topatu ohi dugu maiz. Argazkia: Pixabay
Marrubiak, plastikozko ontzian.
Fruta plastikozko ontzian sartuta topatu ohi dugu maiz. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteko erosketa egiteko ohiko zure supermerkatuan edo hipermerkatuan zaude. Erreparatu iezaiozu erosketa zerrendari, eta egin gogoeta: zenbat gauza daude plastikozko ontzian edo poltsan bilduak? Bada, bai, zerrenda amaigabea da: lekaleak, arroza, pasta (bakoitza bere poltsan sartua), ur botilak, garbigarria, xanpua, jogurta, esnea eta, azkenaldian... baita fruta eta barazkia ere: poliestirenozko azpilan jarriak eta plastikoan bilduak.

Eta orain, galdera: Ba al dago aukerarik? Akaso pentsatuko duzu zuk baduzula beste modu batera kontsumitzeko borondatea, baina elikagaien industriak, hipermerkatuak edota denda handiek ez dizutela beste hauturik uzten. Bada, akabo aitzakiak, eta ekin! Zero Waste Espainia elkarteak plastikoarekin bildutako elikagaiei boikota egiteko astea antolatu du, eta hara, astelehen honetan, ekainaren 3an, ekingo diote ekimenari.

Herritarrek, elkarrekin jardunda, gobernuen, saltoki handien eta multinazionalen erabakietan eragiteko boterea dutela uste du elkarteak. Plastikoarekin bildutako elikagaiak erosteari utzita, horren erabilera irrazionala eta gehiegizkoa gutxitzen lagunduko dutelakoan daude.

Antolatzaileek jakin badakite, boikot mugagabea proposatu izan balute, gehienok ezingo genukeela egin. Denbora eta kontzientzia behar da plastikoaren alternatibak topatzeko, eta denbora faltan ibiltzen gara ia denok. Hori horrela, astebeteko boikota planteatu dute, eskatzen duen ahalegina epe laburrekoa izanik.

Nola egin bat boikotarekin?

Zero Waste Espainiak hainbat aholku eman ditu:

- Pentsatu erosi aurretik, eta ez egin erosketa konpultsiborik. Plastikozko ontzian ez dagoen aukerarik topatzen ez baduzu eta presazkoa ez bada, erosi datorren astean.

- Aurkitu ontziratu gabe edo soltean saltzen den produktu baliokidea (badaude mota horretako produktuak dituzten denda bereziak, eta tokiko saltoki askok horren aldeko apustua egin dute).

- Eraman ontzia etxetik (tuperrak, potoa, birziklatutako arrautza-ontziak, oihalezko poltsak...).

- Eskatu txorrotako ura, eta saihestu eramateko kafea.

- Ekimenarekin bat egiten baduzu, partekatu #PlastikoariBoikota etiketapean. Sarean egindako zarata ere presio bidea da.

Hain al da garrantzitsua plastikoa murriztea?

Greenpeacek aurten emandako datuen arabera, Espainiako Estatuak plastikoen % 25,4 baino ez du birziklatzen. Gainerako % 74,6ak zabortegietan eta erraustegietan amaitzen du, baina baita erreketan, kostaldean, eta ozeanoetan ere. Urtero, 12 milioi tona plastiko heltzen dira ozeanoetara.

Talde ekologisten arabera, milioi bat itsas hegazti eta 100.000 itsas ugaztun hiltzen dira urtero plastikoen erruz. Zenbaitetan, jan egin dituztelako, beste batzuetan, katigatuta geratzen direlako.

Adituen aurreikuspenen arabera, 2050erako arrainak baino plastiko gehiago egongo dira itsasoan.

Kontinenteak ere ez daude salbu. Nazio Batuen Erakundearen arabera, plastikoen eta mikroplastikoen kutsadura ozeanoetan baino 4-23 aldiz handiagoa da kontinenteetan, tokiaren arabera betiere.

Gizakiok ere ez gaude arriskutik kanpo. Hainbat ikerketek egiaztatu ahal izan dutenez, elikagaietan mikro eta nanoplastikoak daude, eta ondorioz, gure gorputzean. Uste da pertsona batek batez beste 70.000 mikroplastiko jaten dituela urtero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Ingurumena Merkataritza Larrialdi klimatikoa 2024