Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

'Askotan' eraso egiten ziola ziurtatu du Belzaren bikotekide ohiak epailearen aurrean

Epaiketako lehen saioan, akusazio guztiak ukatu ditu Miguel Alonso Belza abokatu donostiarrak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero indarkeria delituengatik Miguel Alonso Belza abokatu donostiarraren aurka atzo hasi zen epaiketan, "sarri askotan" eraso egiten ziola ziurtatu zuen akusatuaren bikotekide ohiak. Auzipetuak, ostera, ukatu egin zituen akusazio guztiak.

2008ko sanferminetan eraildako Nagore Laffage gaztearen familiaren abokatua izateagatik da ezaguna Alonso Belza. Gainera, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako ofiziozko abokatua izan zen Donostian.

Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian egin zen lehen saioan, abokatuak "guztiz kontrolatzen" zuela azaldu zuen emakumeak. Indarkeriazko hainbat pasarte kontatu zizkion epaileari, zeinetan, akusatuak jo, lurrera bota, paretaren aurka bota, iletik tira, txistua bota eta kosk egin omen zion.

Ministerio Publikoak 10 urteko kartzela zigor eskaera egiten duen bitartean, biktima ordezkatzen duen akusazio partikularrak 19 urteko espetxealdia eskatzen du, jazarpena, tratu txarrak eta lesioak eragitea leporatuta.

Biktimaren esanetan, akusatuak "dinamika antzekoa" jarraitzen zuen fisikoki eraso egiten zionean. Gaineratu zuenez, akusatuak hertsatu egiten zuen harremana eten ez zezan, jarraitu, jazarri eta kontrolatu egiten zuen. Horren ondorioz, bere ohiturak aldatu zituen: autoa garajetik kanpo aparkatzen zuen, etxean argia itzalita egoten zen eta gaur egun oraindik bere etxebizitzako interfonoa itzalita du.

Bikote harremana 2015eko otsailean hasi eta 2017ko urtarrilean amaitu zen. Emakumearen esanetan, tratu txarrak 2015eko abuztuan hasi ziren Alonso Belzak beste erlazio bat zuela jakin eta harremanari amaiera eman nahi izan zionean. Behin harremana etendakoan, arreta psikologikoa jaso behar izan zuen.

Emakumearen lekukotzaren arabera, 2016ko apiriletik aurrera gertatu ziren indarkeriazko pasarterik gogorrenak: emakumearen garajean, bere etxean, Frantzian igarotako oporretan, taberna batean eta Donostiako hotel batean.

Akusatuak, bere aldetik, bere aurkako akusazio guztiak ukatu zituen. Emakumearekin "noizbehinkako" harreman bat izan zuela adierazi zuen eta ukatu egin zuen inoiz berarekiko jarrera erasokorra izan zuenik. Aitzitik, emakumeak "erreakzio biolentoak" omen zituen.

____________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Donostia argazkiak Indarkeria matxista Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Abokatuak azken ordukoa Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza Matxismoa