Gizartea -
Animalien eskubideen alde
Zezenketen aurkako taldeek protesta egin dute Iruñean
Sanferminetan "torturatuko eta hilko dituzten 60 biktimak" (zezenak) gogoratu dituzte, eta "izaki guztiekiko errespetuan oinarritutako jaiak" aldarrikatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Animalien Askatasuna taldeak deituta, zezenketen aurkako hainbat talde manifestatu dira larunbat arratsalde honetan Iruñean, hastear diren sanferminetan izango diren zezenketen aurka protesta egiteko.
Parte-hartzaileek Udaletxe Plazan hasi dute martxa, Animalien Askatasunaren pankartaren atzetik, "Ez nazazu bakarrik utzi" lemapean. Gainera, beste hainbat lelo izan dira irakurgai: "Indarkeria ez da errespetua". "Utz ditzagun zezenketak iraganean" (Anima Naturalis), "Animalien defentsan" (Animalien Amnistia), "Sentimenduak dituzte, errespeta itzazu!", "Iruña ez dago zezenketen alde, sanferminen alde baizik", "Basakeriaren amaieraren alde" (Huesca, Zezenketen Aurka).
Ibilbide bitartean, zenbait oihu bota dituzte, hala nola, "tortura ez da artea ezta kultura ere", "animalien tortura, Kode Penalean", "jai nazionala, terrorismo kulturala", edo "animaliak ez dira gureak".
Iruñeko erdigunean izan da manifestazioa, eta Orreaga etorbidearen Entzierroaren Oroigarrian bukatu. Orduan, Irma Jimenez Animalien Askatasuna taldeko bozeramaileak agiria irakurri du, esanez "egun gutxi barru, Iruña odoleztuko da berriro".
Sanferminetan "torturatuko eta hilko dituzten 60 biktimak" (zezenak) gogoratu ditu. "Interes kulturaleko ondaretzat hartzen dute zezenketa, diru publikoarekin finantzatzen da, eta animaliak babesteko araudian salbuespena dakar horrek".
Amaitzeko, mobilizazioaren asmoa "izaki guztiekiko errespetuan oinarritutako jaiak" izatea dela azpimarratu dute.