Gizartea -

Epaia

Gorenak La Manadaz: 'Biktimaren isiltasuna ezezko baten moduan uler daiteke bakarrik'

Auzitegiak azpimarratu duenez, 'hainbat gizon emakume bati sexu erasoa egiteko prest egoteak larderiazko egoera indartzen du, batez ere neska gazte bakar bat dagoenean eta leku ezkutu batean denean'.

La Manadako bost bortxatzaileak. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
La Manadako bost bortxatzaileak
Gorenaren iritziz, 'La Manada'ko 5 kondenatuek bazekiten bizktimak ez zuela nahi

2:04

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak gaur kaleratu du La Manada auziko epaia. Ekainaren 21ean aurreratu zuen kondena: 15 urteko kartzela zigorra 18 urteko emakume bat taldean bortxatzeagatik; gaur zigorraren nondik norakoak azaldu ditu 133 orrialdeko epaian.

Auzitegiaren arabera, "biktimaren isiltasuna ezezko batean moduan uler daiteke bakarrik". Argudio horrekin sexu harremanak izateko bi aldeen berariazko onespena beharrezkoa dela argi utzi du Auzitegiak. Azaldu duenez, "biktimak ez zuen inolako baimenik eman, (bost gizonek) larderiazko egoera bat sortu zuten, eta hori agerian geratzen da frogatutzat emandako egitateen kontakizun beldurgarrian. Biktima makurrarazita geratu zen, bere askatasun sexuala defendatu ezinda".

Bortxatzaileak bost izatea ere nabarmendu dute epaileek, kopuruak "larderiazko egoera" indartu zuela iritzita: "Hainbat gizon emakume bati sexu erasoa egiteko prest egoteak larderiazko egoera indartzen du, batez ere neska gazte bakar baten kontra eta ezkutuko leku batean izan zela kontuan hartuta".

Are, Goreneko Zigor arloko Aretoaren epaileek azpimarratu dute bost erasotzaileek "jakinaren gainean" bortxatu zutela emakumea, horrek euren asmoez konturatzeko aukerarik gabe utzi ostean". Epaileen esanetan, "bortxatzaileek bazekiten neska bakarrik zegoela, eta ez zituela lagunak topatzen".

Horrez gain, bostek biktimarekiko izan zuten jarrera "harro eta mespretxuzkoa" salatu du Gorenak, eta bortxaketaren argazkiak eta bideoak aipatu ditu horren adibide. "Akusatuek garaipen bezala ospatu zuten bortxaketa", erantsi du.

Halaber, auzia mediatiko bilakatu izanak ere biktimari kalte egin ziola dio Gorenak. Auzipetuek sexu-erasoak bideoan grabatu zituzten eta ondoren WhatsApp sare sozialeko bi taldetan zabaldu zituzten, egindakoaz harro zeudela erakutsiz.

Horrez gain, erasotzaileen abokatuak kontratatutako ikertzaile pribatu baten jazarpena jasan behar izan zuela nabarmentzen du epaiak. “Emakumearen intimitatea urratu zuten, bere segurtasuna arriskuan zegoela pentsarazteraino”, erantsi dute magistratuek.

Hamar bortxaketa minutu batean

Toki itxi batean bera baino handiagoak eta nagusiagoak ziren bost gizonezkok inguratuta, "beldurtu eta larritu egin zen, ez zuen erreakzionatzeko aukerarik izan, eta egoera horretan akusatuek esandako guztia egiten zuen".

"Bakarrik eta mozkortuta zegoela jakinda, minutu bat eta 38 segundoko tartean hamar aldiz bortxatu zuten emakumea", dio epaiak.

Bestalde, biktimak bost erasotzaileei aurre egin izana kontutan hartu behar ez dela ebatzi du Gorenak, aurrez beldurrarazi egin zutelako. "Onartezina da bere ezezkoa adierazteko jokabide heroikoa izan dezala eskatzea biktimari, izan ere, jarrera horrek kalte handiagoak sufritzea eragin diezaioke", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Auzitegi Gorena Epaiketak Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa ‘La Manada’ auzia Sexu erasoak