X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Lurrikara Lorcan
Alderdi politiko guztien hauteskunde-ekitaldiak, bertan behera
Murtzian izan den lurrikararen biktimei elkartasuna adierazteko asmoz, EAJ, PSE, PP, Bildu, EB, Aralar, UPYD, NaBai 2011, UPN, PSN, Izquierda-Ezkerra eta CDN alderdiek ez dute gaur ekitaldirik egingo.
Erredakzioa
Lorcan (Murtzia) izan den lurrikararen ondorioz eta hondamendi horretan izandako biktimei elkartasuna adierazteko asmoz, EAJ, PSE, PP, Bildu, EB, Aralar eta UPYD alderdiek bertan behera utzi dituzte ostegun honetarako antolatuta zituzten hauteskunde-ekitaldiak.&' || 'nbsp;
PSE
Patxi Lopez lehendakariak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi du bere alderdiak gaur ekitaldirik egingo ez duela. "Lorcan izan den tragedia dela eta, bertan behera utzi ditugu hauteskunde-kanpainako ekitaldiak. Gaur dolu eguna da, elkartasuna adierazteko eguna", adierazi du lehendakariak.
EAJ
EAJk Iñigo Urkulluren bitartez jakinarazi du ostegun honetako ekitaldiak bertan behera utzi dituela. Sestaon ekitaldi politikoa deituta zuen EAJk eta bertan egin du iragarpena Urkulluk, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusigaia eta Josu Bergara Sestaoko alkategaia izan ditu alboan.
Guztiek minutu bateko isilunea egin dute eta Urkulluk Lorcako biktimak gogoan izan ditu eta kaltetuei babesa adierazi die.
Bildu
Koalizioak goizean iragarrita zituen ekitaldiak burutu ditu, baina arratsaldekoak aurrera eramango ez dituela zehaztu du.
Aralar
Aralarrek ere goizean ekitaldia egin du baina arratsalderako deitua zuen kanpainako ekitaldi nagusia, Durangokoa, bertan behera uztea erabaki du.
PP eta UPyD
Alderdi Popularrak eta UPYDk ere gaurko hauteskunde-ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dute.
EBEzker Batuaren zuzendaritzak jakinarazi duenez, gaurko ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte, Donostiako izan ezik. Aitzitik, ekitaldi hori Lorcako herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratze bilakatuko dutela nabarmendu dute.
UPN
UPNk Buñuelen eta Iruñean egin behar zituen gaurko hauteskunde-ekitaldi nagusiak. Lizarran, Funesen eta Cadreitan ere mitinak eman behar zituen.
PSN
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak Nafarroako Ospitalean, goizean, hitzaldi bat eskaintzeko asmoa zuen; iluntzerako, berriz, Elena Torres Parlamenturako hautagaiak Peraltako ekitaldian hartu behar zuen parte.
Izquierda-Ezkerra
Izquierda-Ezkerra alderdiak Iruñean egin behar zuen bere ekitaldi nagusia eta Cayo Lara IUren idazkari nagusia izan behar zen gonbidatu nagusia. Cayo Larak Tafalla bisiatzea eta Burlatan beste hitzaldi bat ematea ere aurrikusita zuen.
CDN
CDNk ere bere ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu, tartean Zizur Nagusian egin behar zuena.
Nafarroa Bai 2011
Koaliziotik zehaztu dutenez, ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dute azken orduan lurrikarak eragindako biktimei elkartasuna adierazteko.
Horrez gain, Lorcako Udalari doluminak adierazteko gutuna igorri diotela jakinarazi du NaBaik.