Gizartea -

Nafarroa

Uholdeengatik kaltetutako herrietan egoerak hobera egin du, hilabete geroago

Aurreikusitakoaren arabera, azarorako bukatuko dituzte konponketa lanak txikitutako errepideetan. Bestalde, Espainiako Gobernuak ez du oraindik Nafarroa hondamendi eremu izendatu.

Uholdeengatik kaltetutako herrietan egoera hobera egiten ari da, hilabete geroago. Argazkia: EFE
Uholdeengatik kaltetutako herrietan egoera hobera egiten ari da, hilabete geroago
Uholdeengatik kaltetutako herrietan egoera hobera egiten ari da, hilabete geroago. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uholdeek hondamendia eragin zuten Nafarroan duela hilabete. Urak Foru Erkidegoko hainbat udalerri hartu zituen; Tafalla eta Erriberri, esaterako, baina pixkanaka normaltasunera itzultzen ari dira kaltetutako leku gehienak.

Asteartetik zabalik dago N-121 eta NA-5110 errepideen arteko elkargunea, Iruñea-Tutera eta Puiu-Lerga lotzen dituena. Ordura arte, uholdeek eragindako kalteak konpontzen aritu dira. Kalte materialak ez ezik, gazte baten heriotza ere ekarri zuten Ezporogin.

Esan bezala, Tafallan ez beste 22 udalerritan izan ziren uholdeak. Lur-jausiak eta hondoratzeak ere gertatu ziren hainbat errepidetan; horietako asko lurrez beteta geratu ziren, gainera, gobernuak gogora ekarri duenez.

Aipatutako bidegurutzeak kalte handiak izan zituen, baita Santsoaingo zubiak ere, kolapsatuta gelditu baitzen.

Dagoeneko, baina, zabalik dago N-121 errepidea, Puiu parean, eta AP-15 ordainlekuan bidesaria ezarri dute berriro.

Tafalla

Aurreikusitakoaren arabera, azarorako bukatuko dituzte konponketa lanak txikitutako errepideetan.

Hilabeteko epean konponketa lanek ez dute etenik izan. Halere, oraindik ere konpondu gabe dago, besteak beste, Ereta pasealekuan errekak gainez egin ostean sortutako zulo handia.

Hirigunean errekak utzitako hondarrak ere agerikoak dira.

Tafalla

Hondamendi eremua eta laguntzak

Nafarroako Gobernuak iragan hilabetean adostu zuen kaltetutako hamahiru udalerri hondamendi eremutzat jotzea.

Horrek esan nahi du udalerri horietako bizilagunek ez dituztela zenbait udal-tasa ordaindu beharko.

Nolanahi dela, Espainiako Gobernuak ez du gaur-gaurkoz Nafarroa larrialdi eremutzat jo. Horrenbestez, uholdeengatik kaltetutako bizilagunek ez dute diru-laguntzarik jaso, eta haserre agertu dira horren aurrean.

Aseguruen Partzuergoak, bestalde, 18 milioi euroko kalteak zenbatu ditu Nafarroan, eta 13 milioikoak Tafallan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Erriberri