Gizartea -
Indarkeria matxista
Indarkeria zalantzan jartzen duten blusen jarrera ‘onartezina’ dela esan du Urtaranek
Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, Mozkorraldi kuadrillako blusek “oso ehuneko gutxi” diren salaketa faltsuak benetako “milaka eta milaka” tratu txarren kasuekin parekatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Andre Maria Zuriaren jaietan blusen kuadrilla bateko kide batzuk “indarkeria matxista zalantzan jartzen" duten bi pankarta erakutsi izana “onartezina” dela esan du ostegun honetan Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Izan ere, “oso ehuneko gutxi” diren salaketa faltsuak benetako “milaka eta milaka” tratu txarren kasuekin parekatu zituzten pankarta horietan.
Gasteizko jaietan izandako sexu-eraso eta sexu-abusuen aurkako elkarretaratze batean, Mozkorraldi kuadrillako gazte talde batek joan den asteazkenean erakutsitako jarrerarekin oso kritiko agertu da Urtaran.
Andre Maria Zuriaren jaietan ohikoa den kalejiran, Mozkorraldi kuadrillako bi blusa martxaren aurrean jarri ziren, eta "Salaketa faltsuak = Tratu txarrak = Zigor bera" eta "Indarkeria jarrerarekin lotuta dago, ez generoarekin" zioten bi pankarta atera zituzten.
Ehunka herritar bildu dituen elkarretaratzea amaitzean, alkateak babes osoa adierazi dio ‘Gasteizko Jaiak’ Nesken eta Blusen Elkarteko Federazioak hartutako erabakiari, eta Mozkorraldi kuadrillako blusa horien jokabidea “onartezina” izan zela azpimarratu du. Jarrera hori, genero indarkeriari aurre egiteko elkarte horrek duen konpromisoaren aurka doala gaineratu du.
Urtaranek gogorarazi duenez, gazte horiek modu horretan jardun zuten egun berean, hirian indarkeria matxistaren kasuen aurrean erantzun publikoa emateko protokoloa martxan jarri zen, azken egunetan emakumeen aurkako eraso sexista eta sexu-abusuen hainbat kasu jazo baitira.
Dena dela, modu horretan jardun zuten Mozkorraldiko kideak "gutxiengo bat" baino ez direla ziurtatu du Urtaranek, eta azken urteotan indarkeria matxistaren aurrean 'blusa' eta 'neska' gehienak erakusten ari diren laguntza eskertu du.
Protokoloari jarraiki, Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu du goizean, eta datozen orduetan emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko beste neurri batzuk jarriko ditu martxan.
Gauzak horrela, Udalak hamar minutuko geldialdia egingo du udal jarduera guztietan. Era berean, 00:00etan, hiriko taberna guztietan eta jai eremuan 10 minutuz musika gelditzeko gonbita egin du, baita edozein ekitaldi edo jardueratan ere.
Adierazpen instituzionala
Halaber, paseilloa 10 minutuz geratzera gonbidatzea herritarrak eta, batez ere, blusen eta nesken kuadrillak, indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko dauzkaten protokoloetan edo estrategietan jasotzen diren baldintzak kontuan hartuta.
Gasteizko Udalak laguntza eta hurbiltasuna eskaini die indarkeria matxistaren biktimei eta haien ingurukoei, eta haien eskura jarri dituzte baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak.
“Azpimarratu egin nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela eta gizartearen berebiziko arazoa dela, berori jasaten duten eta horri aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren aurka jarduten baitu. Indarkeria mota hau ez dute ekintza isolatuek osatzen”, azpimarratu du Udalak adierazpen instituzionalean.
Azkenik, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du Udalak.