Gizartea -

DONOSTIAKO JAIAK

Aste Nagusirako segurtasun gomendioak eman ditu Donostiako Udalak

Sexu-erasorik edo lapurretarik egonez gero, 112 edota 092 telefonoetara deitzea edo kaleko poliziengana joatea aholkatzen dute.

Donostiako Aste Nagusirako segurtasun dispositiboaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala.
2019ko Donostiako Aste Nagusirako segurtasun dispositiboaren aurkezpena.
Donostiako Aste Nagusirako segurtasun dispositiboaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak segurtasun aholkuak eman ditu, abuztuaren 11etik 18ra bitartean, jende kopuru handia batuko duen Aste Nagusirako. Besteak beste, sexu-erasoen eta lapurreten aurrean, 112 edota 092 telefonoetara deitzea zein kaleko poliziei laguntza eskatzea gomendatu dute.

Prebentzio-neurri bereziak hartu dituzte, adibidez, Segurtasun Mahai Teknikoa osatu dute segurtasun arloko eragile guztiak ordezkatzeko. Guztira, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Suhiltzaileak, Babes Zibila, Osakidetza, dBus, Mugikortasuna, Kapitania Maritimoa eta Donostia Festak egongo dira Garberako suhiltzaileen egoitzan izango den mahaian.

Gainera, suhiltzaileek Aginte Postu Aurreratuan egingo dute lan, su-artifizialeko segurtasun dispositiboan parte hartuko duten agenteak koordinatzeko. Udaltzaingoak, berriz, arreta gune mugikorra eskainiko du. Normalean Zurriolako Pasealekuan egoten den gunea Kontxako Pasealekuan izango da egunean, Cervantes Plazaren parean. Su-artifizialen ostean, aldiz, gune hori Boulervard Bretxarekin bat egiten duen elkargunean jarriko dute.

Lapurretak eta sexu-erasoak

Lapurretarik ez jasateko, herritarrei segurtasun neurriak hartzeko eskatu diete Donostiako Udalak, batez ere, gune jendetsuenetan. Horrenbestez, besteak beste, ondorengo gomendioak eman dituzte: Diru guztia diru-zorroan ez eramatea, baizik eta poltsikoetan banatua eramatea; kreditu txartelak nortasun agiriaren ondoan ez gordetzea; poltsoak aurrealdean eramatea; eta, batez ere, gune jendetsuetan adi egotea.

Udalak emandako aholkuen arabera, lapurreta jasan edo ikusiz gero, udaltzainei edo ertzainei lehenbailehen abisatu eta salaketa jarri behar da. Gainera, inguruan dauden beste hiritarrei abisatzea gomendatzen dute 112 edota 092 telefono zenbakietara deitzeko.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eskuorriak banatuko dituzte Donostiako kaleetan. Horietan, aholkuak emango dituzte, alde batetik, jaietan eraso sexistarik ez izateko eta, bestetik, lapurretei aurre egiteko.

Etxera itzultzeko orduan, gaueko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute. Aurten, dBus-ek emakumeentzako eta adingabeentzako eskaripeko geldiak eskatzeko aukera eskainiko du.

Norbaitek oinez itzultzea erabakitzen badu, onena ibilbide erabilienetik eta argiztatuenetik lagunduta bueltatzea dela adierazi dute, betiere ezagutu berri ditugun pertsonez fidatu gabe.

Pertsonak ez galtzeko eskumuturrekoak

Udaltzaingoarekin batera, Donostiako Udalak eskumututurrekoak eskainiko ditu, haurrentzat, adinduentzat edo arazo kognitiboak dituzten pertsonentzat, Donostiako kaleetan gal ez daitezen. Udalak Morlansen duen egoitza nagusian eta Kontxako arreta gune mugikorrean banatuko ditu eskumuturrekoak Udaltzaingoak.

Eskumuturreko horietan, datu garrantzitsuenak jar daitezke, hala nola, izen-abizenak eta telefono zenbakiren bat. Galdu diren pertsonak bilatzeko, Udaletxera joan behar da. Norbaitek senideren bat galduko balu, udaltzainengana jo beharko luke edo 092 telefono zenbakira deitu.

Alkohola eta drogak

Alkohola eta beste sustantziei buruz, 18 urtez azpikoei alkohola saltzea edo lortzen erraztea debekatua dagoela gogorarazi dute.

Pertsona helduei, bestalde, arduraz kontsumitzeko; alkohola edanez gero, ez gidatzeko; eta gaueko zein eguneko garraio publikoak erabiltzeko aholkatu diete.

Orokorrean, behar ez den zarata sortu gabe eta auzokideen atsedena errespetatuz jaiaz gozatzeko eskatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostiako azken albisteak Gipuzkoako albisteak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak