Gizartea -

DELINKUENTZIAREN IGOERA

Delituek ia % 7 egin dute gora Euskadin urteko lehen seihilekoan

EAEn izandako delituen kopuruak % 6,76ko igoera izan du urteko lehen sei hilabetetan, iazko denbora-tarte berarekin konparatuta. 44.814 arau-hauste penal izan dira.

Ertzainak. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzainak.
Ertzainak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delituen kopuruak 6,76 % egin du gora urteko lehen sei hilabeteetan Euskadin, 2018ko denbora-tarte berarekin alderatuta. Guztira, 44.814 arau-hauste egin dituzte.

Igoerarik altuena giza hilketa edo erailketa kasuetan izan da, 7 kasurekin eta % 40ko igoerarekin. Familiako tratu txarrek % 34,68 egin dute gora. 800 kasu egon dira. Etxeko eremuko ohiko indarkeriak, aldiz, % 3,5 egin du behera; 1.349 kasu izan dira.

Bestalde, jaitsierarik nabarmenena enpresetan indarra erabiliz egindako lapurretetan izan da, % 27; lehen seihilekoan, 28 lapurreta egin dituzte. Sexu-askatasunaren aurkako delituak ere jaitsi dira, kasu honetan, % 17,8. Ertzaintzak 71 eraso sexualen berri izan du, aurreko urtean baino % 6,6 gutxiago. Horrez gain, sexu-askatasunaren aurkako 178 arau-huste jaso dituzte, hots, % 21,6 gutxiago.

Delitu-egitateei dagokienez, ebasketen kasua esanguratsuena izan da, 14.430 lapurreta egin dituztelako, 510 gehiago. Bestalde, 7.424 maula izan dira, iaz baino % 14 gehiago.

Lurraldez lurralde

EAEn izandako delinkuentziaren gorakada Gipuzkoan bereziki nabaritu da, % 7,9 egin baitu gora. Bizkaian eta Araban, berriz, % 6,7ko eta ia % 4,9ko igoerak jaso dituzte, hurrenez hurren. Gipuzkoan, gainera, lau ebasketa izan dira, bi Bizkaian eta beste bat Araban.

Ertzaintzak 11.881 delitu erregistratu ditu Gipuzkoan, ibilgailuen lapurretek % 60 egin dute gora, eta saltokitan zein eremu itxitan indarra erabiliz egindako lapurretek % 22ko igoera izan dute.

Bizkaian, 26.601 delitu egin dituzte, 2018an baino % 6,7 gehiago. Familiako tratu txarrek % 56 gora egin dute (457 kasu), eta erailketa-saiakuntzak ia % 85eko igoera izan dute; enpresetan indarra erabiliz egindako lapurretek, aldiz, % 44 egin dute behera.

Azkenik, Araban, delituen kopurua 6.332 izan da, iaz baino % 4,9 gehiago. Izan ere, droga-trafikoak % 154 egin du gora, herri-osasunaren aurkako 567 delitu jaso zituzten. Gainera, trastelekuetan edo bestelako etxeko kanpoko ganberetan egindako lapurretek % 57,5 egin dute gora. Sexu-askatasunaren aurkako delituek % 55eko jaitsiera izan dute, 5 eraso (% 58 gutxiago) eta beste 27 arau-hauste (% 54 gutxiago).

Delituak hiriburuetan

Gorakadarik altuena Gasteizen izan da, % 7,23ko igoerarekin eta 1.000 biztanleko 17,3 deliturekin. Guztira, 4.315 jaso dira Arabako hiriburuan. Igoera nabarmenak jaso dira droga-trafikoren (% 133) eta familia eremuko tratu txarren (% 53) kasuetan.

Bilbon, 10.371 delitu egin dituzte, % 5,7 gehiago, 1.000 biztanleko ia 14,6 deliturekin. Kasu horretan, tratu txarrek % 65eko igoera izan dute, eta sexu-askatasunaren aurkako delituek % 26 egin dute behera.

Bukatzeko, Donostian, 2.736 jaso dituzte, 2018an baino % 5 gehiago. Hala ere, hiru hiriburuetako tasarik baxuena da. Beste hiriburuetan ez bezala, sexu-askatasunaren aurkako delituek (% 14) egin dute gora; 9 eraso jaso dituzte, iaz baino % 50 gehiago. Tratu txarrei dagokienez, familiako tratu txarrek % 35 egin dute behera. Dena dela, etxeko eremuko ohiko indarkeriak % 30 egin du gora.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Bilbo Donostiako informazioa Tratu txarrak Espainian Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba EAE Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Lapurretak albisteak