Gizartea -
TRAFIKOA
Auto-ilarak sortu dira AP-8an Irunen eta A-1ean Gasteizen, itzulera operazioa tarteko
Ostiraletik igandera bitartean ibilgailuen joan-etorri handia espero da. Bestalde, lanuzteak deitu dituzte Renfen, Iberian eta Ryanarren.
AGENTZIAK
Asteburu korapilatsua aurreikusten da errepideetan, itzulera operazioa tarteko, eta dagoeneko hasi dira ilarak sortzen errepide sare nagusian.
AP-8an, Irunen, Baionarako noranzkoan, auto-ilarak sei kilometrotara iritsi dira goizean, baina une honetan gutxitzen ari dira, eta bi kilometro ingurukoak dira.
Goizeko lehen orduan ere auto-ilara handiak izan dira A-1ean, Gasteizen, eta lau kilometroko auto-ilarak sortu dira N-622 errepideko loturan, Irungo norantzan. Ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira. Dena dela, trafikoaren egoerak hobera egin du nabarmen, eta uneotan auto ilarak bi kilometrokoak dira, nahiz eta horiek pixkanaka gutxitzen ari diren, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Horrez gain, gaur arratsaldeko lehen orduetan hainbat auto-istripu izan dira euskal errepide sarean. Hala, A-15ean, Berastegi parean, errepidea itxi dute Irungo noranzkoan, kamioi batek izandako istripu baten ondorioz, eta, horrenbestez, auto-ilara luzeak sortu dira tarte horretan. BI-623 errepidean, Abadiñon, kamioi batek istripua izan du, baina zirkulazioa berrezarri dute dagoeneko.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak dispositibo berezia abian jarri du atzotik igandera bitartean udako itzulera operazioa dela eta, aurreko astean G7ak Biarritzen egindako goi-bileraren eta nazioarteko itzulera operazioarekin egin bezala.
Ohi den bezala, Trafiko Zuzendaritzak arreta berezia jarriko du opor garaian Euskadiko errepide sareko punturik gatazkatsuenak izaten direnetan: A8an Bizkaia eta Kantabria artean, AP-8an Baionara bidean eta A-1 errepidean, Armiñonen.
Gauzak horrela, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia erabiliko du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat utziko da.
Ertzaintzako Trafiko Unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.
Estatuan, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak operazio berezia jarriko du abian ostiral arratsaldeko hiruretatik igande gauerdira bitartean. Tarte horretan, 4.870.000 desplazamendu izatea aurreikusten da. Guztira, trafikoko 9.100 agentek parte hartuko dute.
Agintariek bidaia aldez aurretik planifikatzea eta errepideetako egoeraren berri izatea gomendatzen dute.
Greba Renfen, Iberian eta Ryanairren
Errepideetan ez ezik, egoera ez da askoz ere samurragoa izango tren geltokietan eta aireportuetan. Datozen ordu eta egunetarako lanuzteak deitu dituzte Renfe, Iberia eta Ryanair konpainiako langileek.
CGT sindikatuak deituta, Renfeko langileak lanuzteak egitera deituta daude gaur eta bihar, 12:00etatik 16:00etara eta 20:00etatik 00:00etara.
Aipaturiko grebak eragina izango du bai aldiriko trenetan eta baita ibilbide luzekoetan ere. Euskadin, Renferen ibilbide luzeko zazpi tren bertan behera gelditu dira: Bilbotik eta Irundik Vigora eta A Coruñara joan behar zuten bi tren eta aurkako noranzkoan aurreikusitako beste bi, Gasteiztik eta Donostiatik Miranda de Ebrora joatekoak ziren bi trenak eta Gasteiztik Madrilera igande arratsalderako programatuta zegoen beste bat.
Bestalde, treneko lanuzteei Iberiako eta Ryanairreko langileek deitutakoak batuko zaizkie.
UGT sindikatuak deituta, Iberiako lurreko langileek 24 orduko lanuzteak egingo dituzte gaur eta bihar Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan eta horrek eragina izango du Loiutik eta Hondarribitik Madrilera eta Bartzelonara ateratzekoak ziren hegaldi batzuetan. Zehazki, Iberiak Madril eta Loiu arteko lau hegaldi eta Madril eta Hondarribia arteko beste bi bertan behera utzi ditu.
Bestalde, Vuelingek bertan behera utzi ditu Loiu eta Bartzelona arteko bi hegaldi.