Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Bilboko talde bortxaketagatik akusatuetako bi aurkitzeko agindu du epaileak

Ikerketapean dauden eta egunero epaitegira sinatzera joan behar dutenetako bi ez dira agertu abuztuaren 23tik. 15 egunetik behin sinatu behar duten beste bi, berriz, ez ziren irailaren 1ean azaldu.

Bilboko Etxebarria parkea, bortxaketa gertatu zen tokia. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Bilboko Etxebarria parkea, abuztuaren 1ean taldekako bortxaketa gertatu zen tokia
Talde bortxaketagatik aske dauden bi akusatu lokalizatzeko agindua eman du epaileak

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko talde bortxaketagatik ikerketapean dauden sei gazteetako bi aurkitzeko agindu dio Bilboko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak Ertzaintzari. Biek ala biek egunero joan behar dute sinatzera epaitegira, baina ez dira abuztuaren 23tik agertu. Beste bi gaztek 15 egunetik behin sinatu behar dute epaitegian, baina irailaren 1ean ez ziren azaldu.

Guztira, sei pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak abuztuaren 1eko talde bortxaketarekin zerikusia zutelakoan. Hasiera batean, epaileak horietako bi espetxeratzea agindu zuen eta beste laurak aske utzi zituen, egunero epaitegian aurkezteko baldintzarekin. Dena den, Fiskaltzak eskatutako identifikazio-saioan, biktimak ez zuen espetxeratutako bi horietako bat ezagutu, eta, ondorioz, libre atera zen kautelazko neurriekin. Horrez gain, akusatuetako beste batzuen kautelazko neurriak aldatu zituen epaileak.

Gaur-gaurkoz, sei gazteetako batek soilik jarraitzen du preso, lepoan hontz baten tatuajea duenak, hain zuzen ere. Gainera, DNA proban positibo eman zuen.

Bestalde, aske dauden bost gazteetatik hiruk egunero joan behar dute epaitegira sinatzera, eta beste bik, 15 egunetik behin.

Egunero sinatzera joan behar duten hiru horietako batek bere eginbeharra betetzen jarraitzen du; beste biak, ostera, abuztuaren 23tik ez dira ez epaitegira ez ertzain-etxera agertu.

Hori dela eta, bi pertsona horiek aurkitzeko agindu du epaileak.

Azkenik, 15 egunetik behin sinatzera agertu behar dutenei dagokienez, epaileak ez du oraingoz horiek bilatzeko agindurik eman. Irailaren 1ean, igandea, guardiako epaitegira agertu behar zuten, baina ez ziren joan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Tratu txarrak gaur Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak