Gizartea -
Gipuzkoa
GI-2630 errepidea lau hilabetez itxiko dute Oñati eta Legazpi artean
Irailaren 16tik aurrera izango dira gorabeherak trafikoan, Olaran errekaren gainean dauden zubiak birgaitzeko proiektua dela eta.
eitb.eus
Oñati eta Legazpi arteko GI-2630 errepidea itxita egongo da datozen lau hilabeteetan, irailaren 16tik aurrera, Olaran errekaren gainean dauden zubiak birgaitzeko proiektua dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ostegun honetan jakinarazi duenez.
Zubiak Olabarrieta auzoan daude, eta kalte nabarmenak dituzte zabaltze harlauzetan, armadurarik gabeko eremuak baitaude. Horrela, gaur egungo hormigoizko handitzeak eraistea eta berreraikitzea aurreikusten du proiektuak, aurrefabrikatutako hormigoizko lauzak erabiliz errepidearen zabalera osoan.
Obrak egiteko, "ezinbestean" itxi behar dute errepidea, eta lanak bi fasetan egingo dira: lehenengo faseko obrak 13+320 eta 13+650 kilometro puntuetan dauden zubietan egingo dira; bigarrenak, aldiz, 14+560 eta 14+840 kilometro puntuetan daudenetan. Proiektuak jasotzen duen moduan, bi kasuetan desbideratuko da trafikoa.
Proiektuak, besteak beste, hondatutako piezak garbitu, dagozkion piezak ordezkatu eta aurrefabrikatutako harlauzak jartzea aurreikusten du. Euste-elementuak ere jarriko dira, hau da, hormigoizko karelak, eta dagokion zoladura. Lanek 628.278,09 euroko aurrekontua dute.