Gizartea -

15-M mugimendua

Bilerak Madrileko auzoetara eta udalerrietara zabaldu dira

Soleko 'suminduek' 200.000 sinadura inguru bildu dituzte aldaketa soziala, politikoa eta ekonomikoa eskatzeko. Gainera, denda txikietan jarrita zeuzkaten kartelak eta pankartak kentzea adostu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Puerta del Soleko mugimendu asanblearioaren deszentralizazioa larunbatean hasiko da, izan ere, herritarren batzarrak egingo dituzte Madrileko 42 udalerritan eta hiriburuko 37 auzotan, 12:00etan.

Iragan larunbatean 20 deialdi egin zituzten Madrilen, eta beste 10 erkidegoko herrietan. Hiru egun geroago, datorren larunbaterako aurrikusi dituzten bilerak bikoiztu egingo dira. Gainera, datozen egunetan deialdi gehiago egitea espero dute.

Auzoen Batzorde bat sortu dute Puerta del Soleko kanpaldian, larunbatean izango diren bilerak koordinatzeko. Horretarako webgune bat sortu dute manifestariek.

200.000 sinadura

Madrilgo Solen kanpatuta daudenek 200.000 sinadura inguru bildu dituzte Madrilgo plazan kanpatuta daramaten aste honetan zehar; aldaketa soziala, politikoa eta ekonomikoa eskatzen dute.

Informazio batzordeko bozemaileak azaldu duenez, sinadura horien helburua kanpaketari babes sinbolikoa ematea da, oraindik behintzat legegintza asmorik gabe. "Sinatu dugunok ekimen hau babesten dugu, gure eskubideen errespetua eskatzen dugu eta sistema honen desberdintasunak salatzen ditugu"; horixe irakur daiteke kanpalekutik banatu dituzten orrietan.

Era berean, dokumentu horrek argitzen duenez "Toma la Plaza" mugimenduak ez du ez alderdi politikorik ezta elkarterik ere ordezkatzen; bai ordea "aldaketarako bokazioa". "Gizarteak ez duela lo hartu erakutsi nahi dugu eta merezi dugunaren alde lanean jarraituko dugu bide baketsuetatik" azaltzen du M-15 mugimenduak banatu duen dokumentuak.

Kartelak eta dendariak

Gaur egin duten asanbladan Sol plazako eta inguruko kaleetako denda txikietan jarrita zeuzkaten kartelak eta pankartak kentzea adostu dute. Ez dituzte kenduko, ordea, enpresa handietako erakusleihoetan jarrita dauzkatenak. Horrela erabaki dute proposamen hori asanbladan eztabaidatu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea