Politika -
Kanpaldia
Puerta del Soleko kanpaldia jaso du nazioarteko prentsak
The Washington Post-en azalean argitaratu dute protesta, The New York Times-ek ere jaso du albistea eta Hegoamerikako, Italiako eta Frantziako agerkarietan ere eman dute fenomeno sozialaren berri.
Erredakzioa
The Washington Post egunkariak azaleko zati nagusia eskaini zion Puerta del Soleko kanpaldiari eta ez da izan nazioartean albistea jaso duen hedabide bakarra.
AEBetako egunkari horrek "Etsipenezko udaberria Espainian" titulupean argitaratu zuen albistea eta argazki handia eskaini zion jendez lepo zegoen Puerta del Soli.
Gainera, The Washington Post-en blogen atalean, artikulua argitaratu dute "Espainiako iraultza: milaka herritar elkartu dira Madrilgo Puerta del Sol plazan" eta Kairoko Tharir plazako protestekin alderatu dute.
AEBetako itzal handiko beste egunkari batek, The New York Times-ek, blogen atalean M-15 mugimenduari buruzko artikulua argitaratu du.
CNN telebista kateak, bere aldetik, bideoak kaleratu ditu protesten eta kanpaldiaren inguruan.
The Wall Street Journal-en agerkari digitalean Dow Jones albiste-agentziaren artikulua jaso dute eta maiatzaren 22ko hauteskundeetan eragina izango duela azpimarratzen du.
AEBetako beste egunkari eta agentzia batzuek, Seattle Post Intelligencer-ek, Bloombergek eta Associated Pressek, ere zabaldu dute albistea.
Europa
Italian, Corriere della Sera egunkariak ere Madrilgo kanpaldia Kairoko protestekin konparatu du, baina Espainian "aldarrikapen errealistak" dituztela zehazten du.
Gainera, La Repubblica-n protestek maiatzaren 22ko hauteskundeei eragingo diela ohartarazi dute.
"Gazte espainiarrek manifestazio jendetsuak egin dituzte" da Le Figaro egunkari frantziarraren titularra, eta Nazioarteko Diru Funtsak gazte espainiarrei "galdutako belaunaldia" dela esan ziela gogorarazi du.
Bestalde, Liberation egunkariak dio "suminduek Puerta del Sol hartu" dutela, eta Le Monde-k azpimarratu du "espainiar gaztediak erresistentzia" erakutsi duela hauteskundeen aurretik.
Hegoamerika
Hegoamerikako prentsan, Puerta del Soleko kanpaldiak nazioarteko albisteen zati garrantzitsuena hartzen du. Mexikoko El Universal egunkariak hauteskunde-kanpaina baldintzatu duen protesta izan dela azpimarratu du.
Bestalde, Clarin argentinarrak "suminduak" aipatu ditu eta mugimendu sozialaren protagonistak gazteak izaten ari direla goraipatu du.