Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Epaileak kartzelara bidali du Pontevedrako hilketa hirukoitzaren ustezko egilea
41 urteko gizonari bikotekide ohia, amaginarreba ohia eta koinata ohia leporatzen diote. Hori dela eta, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar diezaiokete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak behin-behinean eta bermerik gabe kartzelara bidali du Pontevedran emazte ohia (39 urte), amaginarreba ohia (57 urte) eta koinata ohia (27 urte) hiltzea aitortu duen gizona.
Hiru emakume hiltzea leporatzen diote 41 urteko gizonari eta, hori dela eta, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar diezaiokete.
Bikotea duela urtebete inguru banandu zen. Bikotearen lau eta zazpi urteko seme-alabak hilketen lekuko izan ziren eta, ikerketa iturrien arabera, bizilagun baten etxean babestu ziren harik eta larrialdi zerbitzuak iritsi ziren arte. Hiltzaileak 15 tiro egin omen zituen biktimen aurka.
Bien bitartean, Guardia Zibilak hilketa hirukoitza ikertzen jarraitzen du. Antza denez, hiltzaileak merkatu beltzean erositako 32 kalibreko errebolber bat erabili zuen eta ez zuen armak erabiltzeko lizentziarik. Poliziak Tambre ibaian aurkitu zuen suzko arma, atxilotuaren amaren etxetik gertu.
Polizia hiltzailearen mugimendu guztiak ikertzen ari da, etxetik irten zen unetik, hiru emakumeak hil eta hilketa aitortzeko Guardia Zibilari deitu zion arte.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.