Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Bartzelonan, bikotea hipogluzemiaz hiltzen uzteagatik

Heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari zirela, emakumea hilzorian agertzen zen bideoa aurkitu zuten poliziek gizonaren telefonoan, eta biktimari ez ziola lagundu ikusi zuten.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

49 urteko gizon bat atxilotu dute Esquadrako Mossoek Bartzelonan, hipogluzemia jasan zuen bikotea hiltzen uzteagatik. Gainera, bideoan grabatu zuen emakumea nola hiltzen zen. Poliziak jakitera eman duenez, emakumea hilzorian agertzen den irudi horietan argi geratzen da gizonak ez diola inolaz ere laguntzen, eta beraz, homizidioa eta tratu txarrak leporatu dizkiote.

Asteazkenean atxilotu zuten naziotasun argentinarra duen gizona Viladecansen eta kartzelara bidali zuen epaileak.

Gaur jakitera eman denez, ekainaren 18 goizaldean emakume bat Viladecanseko bere etxean hilda agertu zela jakin zuten Mossoek eta ikerketa abiatu zuten heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

Autopsiak emakumeak hipogluzemia jasan zuela ondorioztatu zuen, hau da, odolean zuen azukre kopurua izugarria jaitsi zitzaiola. Gainera, emakumeak kolpatua izanaren zantzuak zituela ikusi zuten.

Sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua egon zitekeelakoan, gizonaren mugikorra miatu zuten mossoek ikerketaren baitan, eta emakumea hilzorian agertzen zen bideoa topatu zuten. Irudien arabera, gizonak ez zion biktimari lagundu krisia jasaten ari zen bitartean, hiltzen utziz. Poliziak gaineratu du bideoa ez duela inon zabaldu, behintzat, atxilotuak.

Kasu hau kontatu gabe, 42 emakume hil dituzte 2019an euren bikote edo bikote ohiek Espainian. Eta 2003tik, indarkeria matxistaren biktimak kontatzen hasi zirenetik, 1.017 emakume hil dituzte. Kontuan izan behar da, gainera, hainbat biktima ez direla estatistika ofizialetan sartzen, aste honetan Pontevedran senar ohiak hildako emakumearen ama eta ahizpa, esate baterako.

----------------------------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Bartzelona Delituak Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Erailketak