Gizartea -

New Yorken

Krisi klimatikoaren aurrean 'eskualdeek duten garrantzia' aldarrikatu du Jaurlaritzak

Ingurumen sailburuordeak Euskadiko Klima Aldaketaren etorkizuneko Legearen helburuak xehatu ditu. Xedea 2050.erako karbono aldetik neutroa den lurralde bat lortzea da.

Gasteizen klima aldaketaren kontra egindako protesta bat. Argazkia: EFE
Gasteizen klima aldaketaren kontra egindako protesta bat
Gasteizen klima aldaketaren kontra egindako protesta bat. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea New Yorken da egunotan, Klimaren Astearen hitzaldi, bilera eta ekitaldietan parte hartzen. Atzo The Hub izeneko foroan mintzatu zen, 600 politikari eta ekonomialarien aurrean. Hitzaldian larrialdi klimatikoari aurre egiteko Euskadik hartu dituen neurrien inguruan aritu zen, eta krisi horren aurrean "eskualdeek duten garrantzia" aldarrikatu zuen.

Morenoren hitzetan, Jaurlaritzak Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) ditu oinarri bere politika zehazteko, eta ingurumen gaietan duela 10 urte baino gehiago abiatutako planifikazioa goraipatu du: "Jasangarritasunerantz aurrera goaz, pertsonak erdigunean jarrita".

"Basque Country 2030 agenda dugu gure politiken ardatz. Euskal ongizate ereduak Garapen Jasangarriaren Helburuak ditu inspirazio iturri. Baina ez gara orain hasi. Aitzitik, Euskadik 2000. urtean onartu zuen Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategia. Harrezkero, plangintza oso bat sortu dugu, klima-aldaketaren erronkaren aurrean jorratu daitezkeen alderdi guztiei heltzeko. 2015ean —Parisko Akordioa sinatu baino lehen— onartutako KLIMA 2050 estrategiak ezartzen du itxuratu dugun bide-orria", adierazi du Morenok.

Ildo beretik, Euskadiko Klima Aldaketaren etorkizuneko Legea —tramitazioan dago orain— aipatu du sailburuordeak. Legearen helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030erako, eta Euskadi karbono aldetik neutroa izatea 2050erako.

Gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak uztailean ezarri zuen klima aldaketari aurre egiteko larrialdi egoera EAEn. Morenoren esanetan, adierazpenak agerian utzi zuen klima-aldaketaren aurkako borroka herrialdeko helburu zentraletako bat dela.

Elena Moreno en The Hub, foro de Nueva York.

Moreno, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: Irekia

Ingurumen sailburuordeak Euskadiko eboluzio historikoa aurkeztu du ingurumen-politiken arrakastaren adibide gisa. "Gure ibai, lurzoru eta airean kalte larriak sortu zituen eredu industrial batetik ingurumen kalitate ona duen lurralde bat izatera pasatu gara oso denbora-tarte laburrean, herritarren eta sektore ekonomikoaren konpromisoari esker eta garatu ditugun politika publikoei esker. 1977an, Bilbok Estatuko hiri kutsatuena izateko zorigaitza izan zuen. Gaur egun, gure ingurumen balioak estandar onenekin homologatu daitezke", adierazi du.

Orobat, sailburuak esan du ingurumen hobekuntza hori ez dela bateraezina hazkunde ekonomikoarekin, eta ekonomia zirkularrak klima-aldaketaren aurrean jokatzen duen rol garrantzitsua nabarmendu du.

Nazio Batuen goi-bileran eta New Yorkeko Klimaren Asteko The Hub foroan parte hartu ondoren, euskal ordezkaritza beste eskualde-gobernu batzuekin bilduko da datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Eusko Jaurlaritza New York Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa