Gizartea -

Indarkeria matxista

Gasteizen bikotekideari labanaz erasotzeagatik atxilotutakoa, epailearen aurrera

Erasoa larunbatean gertatu zen. Biktima osasun zentro batera eraman behar izan zuten, buruan eta eskuan zauriak zituelako.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan larunbatean, Gasteizen bere bikotekidea labanaz sastatzeagatik eta aurpegian eta eskuan zauriak egiteagatik atxilotutako 40 urteko gizona epailearen aurrera eraman dute gaur. Gizonak egun bat eta erdi eman ditu komisarian.

Biktima sastatzeaz gain, ertzainei eta udaltzainei aurre egin zien gizonak, bi urteko semea etxebizitza barruan zegoela.

Eraso matxista Iparralde gizarte-etxearen inguruetan gertatu zen. Konkretuki, Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batean.

Udaltzaingoak jakitera eman zuenez, gertakariak 18:40 aldera jazo ziren. Biktimak larrialdi zerbitzuei abisua eman zien, etxetik ihes egitea lortu ondoren. Gizonak arma zuri batekin zauriak egin zizkiola jakinarazi zuen emakumeak.

Erasotzailea etxe barruan poliziei eusten saiatu zen, bikotearen bi urteko semea barruan zegoela. Hasiera batean, udaltzainak ezin izan ziren sartu, eta Ertzaintzari laguntza eskatu behar izan zioten, atea botatzeko.

Suhiltzaileak, osasun langileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta azkenean etxean sartu eta erasotzailea atxilotu zuten.

Bestalde, biktima osasun zentro batera eraman behar izan zuten, buruan eta eskuan zauriak zituelako.

------------------------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa