Gizartea -
Elkarretaratzea
Zaballako kartzelan 2019an izandako bosgarren heriotza salatu du Salhaketak
Irailaren 21ean, Donostiako preso bat hil zen Arabako espetxean. Salhaketak gaitzetsi du kartzelan izandako heriotzen inguruan "opakutasuna eta informaziorik eza" egoten dela.
Agentziak | Erredakzioa
Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkarteak elkarretaratzea egin du astearte honetan Gasteizen, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean, Zaballako kartzelan 2019an izandako bosgarren heriotza salatzeko.
A. F. N., 50 bat urteko donostiarra, irailaren 21ean hil zen, droga-gaindosi baten ondorioz, antza, Salhaketak kartzelaren eta funtzionarioen iturriak aipatuta salatu duenez. Dena dela, Salhaketak nabarmendu du kartzelan izandako heriotzetan "opakutasuna eta informaziorik eza" egoten dela.
Horren arabera, heriotza hori gertatu eta sei egunetara eman zuten heriotza horren berri, eta iraileko aste horretan bertan beste preso bat ospitaleratu zuten, larri, "ustezko suizidio-saiakera bat tarteko".
"Icebergaren tontorra besterik ez"
Salhaketaren iritziz, "hau begi-bistan eskasa den arreta psikosozialaren icebergaren tontorra besterik ez da"; izan ere, espetxeetako heriotza gehienak gaindosi eta urkamenduen ondorioz izaten dira.
2018ko abendutik 5 preso hil dira Zaballan, elkarte horren arabera; Espainia osoko kartzeletan, berriz, guztira, 134 preso hil dira epe horretan.
Hortaz, heriotza horiek beti ofizioz ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari, eta kartzeletako zuzendaritzek heriotza horietaz inpartzialtasunez informatzeko, drogen aurkako programak abiatzeko eta Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak osasun-arloan espetxeetan dituzten eskumenak erabiltzeko galdetu du.
Halaber, larri gaixo dauden presoak kartzelatik "segituan" ateratzeko eta zigorrak bizitokitik ahalik eta gertuen betetzeko eskatu dute.