Itxi

Gizartea

2019ko Nobel Sariak

Goodenough, Whittingham eta Yoshino, Kimika Nobel saridunak ioi-litioko bateriengatik

Agentziak | Erredakzioa

Gaur egun kontsumo handiko industria elektronikoan ohikoak diren bateria horien garapenean egindako lanagatik lortu dute saria.

1:26

John B. Goodenough estatubatuarrak, Stanley Whittingham britainiarrak eta Akira Yoshino japoniarrak irabazi dute 2019ko Kimika Nobel saria, ioi-litioko baterien garapenagatik, Zientzietako Suediar Errege Akademiak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Izen handiko sari hauen 2019ko irabazleak aste honetan ari dira jakitera ematen; izan ere, astelehenean Medikuntza Nobel saridunak nortzuk diren esan zuten, eta asteartean, aldiz, Fisika Nobel saridunen izenak. Ondorengo egunotan, hauek jakinaraziko dituzte: Literatura, Bakea eta Ekonomia.

Ioi-litioko bateriek errendimendu handia dute, eta gaur egun, kontsumo handiko industrian, ohikoa da erabiltzea. Binghamtoneko Unibertsitatean dabilen M.S. Whittingham kimikari ingelesak proposatu zituen lehendabiziko aldiz; Whittinghamek titanio sulfuroa eta litio metala erabili zituen elektrodo gisa.

1985ean, Akira Yoshino japoniarrak bateria-prototipo bat muntatu zuen; elektrodo moduan, ondorengoa erabili zuen: batean, litioko ioiak txertatu ahal ziren karbonoa zuen materiala; bestean, airean egonkorra den kobalto litioko oxidoa. Litio metalikorik gabeko materialak erabili zituenez, segurtasuna asko hazi zen, litio metala erabiltzen zuten baterien gainean. Kobalto litioko oxidoa erabiltzeak ahalbidetu zuen aise erdiestea eskala industrialeko ekoizpena. Horixe izan zen gaur egungo Li-ioi bateriaren sorrera.

John Bannister Goodenough estatubatuarrak, gerora, litioko ioietako solido-egoerako bateria bat garatzen lagundu zuen; hori litioko ioietako bateriei gailentzen zaie, dentsitate energetikoan, tenperatura operatiboaren tartean, eta segurtasunean.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena