Gizartea -
Gasteizen
Emakume bat zauritu da leihotik erorita, bikotekidearengandik ihes egiten ari zela
Gizonak etxetik irtetea galarazi dio emakumeari eta leihotik behera jaisten saiatu da. Larunbatean beste gizon bat atxilotu zuten, genero-indarkeria egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat atxilotu dute igande honetan Gasteizko Adurza auzoan, genero-indarkeria egotzita. Bikotekideak zauriak jaso zituen lehen solairuko etxeko leihotik erori zenean, etxetik ihes egiten saiatzen ari zela, atxilotuak atetik irtetea eragotzi baitzion.
Gasteizko Udaltzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bere etxebizitzatik kalera erorita zaurituta egon zitekeen emakume baten berri eman zuen ezezagun batek telefono dei baten bidez.
Etxebizitzan gizonezko bat eta emakume bat aurkitu zituzten; emakumea ohe gainean etzanda zegoen, minduta, eta orkatilak puztuta zituen. Antza, bikote dira eta eztabaida bat izan zuten. Eztabaida horretan, gizonak emakumeari etxetik irtetea galarazi zion eta emakumea leihotik behera jaisten saiatu zen. Orduan, emakumea lurrera erori eta zauritu egin zen.
Agenteek 33 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero-indarkeria eta hertsapen delituak egotzita.
Bestalde, larunbatean ere, 48 urteko gizon bat atxilotu zuten delitu beragatik, Zabalgana auzoan.