Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon emakume bati eraso sexista egitea egotzita
Erasoa taberna batean gertatu zen, igande goizaldean. Erasotzailea Barakaldoko bizilaguna da. Epailearen esku utzi dute jada.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean, emakume bati eraso sexista egitea egotzita.
Erasoa Barakaldoko taberna batean jazo zen, goizaldean, 04:40 inguruan, eta erasotzailea bertan atxilotu zuten, Udalak gaur jakinarazi duenez.
Biktimak salatu duenez, establezimenduan sartzean eta ateratzean egin zion eraso. Halaber, mehatxuak eta irainak jasan zituen.
Udaltzainak bertaratu ziren eta erasotzailea atxilotuta eraman zuten. Dagoeneko epailearen esku utzi dute.
Barakaldoko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, erasoa gaitzetsiz eta jarrera matxistak arbuiatuz.
Horrez gain, Erasoen aurkako Mahaiak premiazko bilera egin du eta astearte honetarako elkarretaratzea deitu dute Herriko Plazan, 18:00etan. Emakumeen elkarteek, Udaltzaingoak eta Udalaren Emakumea Sailak osatzen dute aipatu Mahaia.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak oharra kaleratu du emakumeen askatasunaren aurkako erasoak "jasanezinak" direla salatuz eta herritarrei astearteko bilkuran parte hartzeko dei eginez.