Gizartea -

Indarkeria matxista

Diana Quer gaztearen aurkako krimenaren epaiketa, bertan behera

Hala erabaki du auzitegiak, epaimahaia ezin izan baita osatu; hasiera azaroaren 11n egingo dute. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar diezaiokete Abuin Gey akusatuari.

Jose Enrique Abuin, atxilotu zuten egunean. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Enrique Abuin, atxilotu zuten egunean.
Jose Enrique Abuin, atxilotu zuten egunean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diana Quer gaztearen aurkako krimenaren epaiketa bertan behera utzi dute astelehen honetako lehen orduan; izan ere, ezin izan dute epaimahaia osatu, hautagaien ezagatik.

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, astelehen honetako saiora 21 lagun zeuden deituta, eta legeak 20 eskatzen ditu; baina lau hautagaik arrazoiak azaldu dituzte ez parte hartzeko, eta onartu egin dizkiete; ondorioz, epaimahaian 17 kide izanik, epaiketa bertan behera geratu da. Epaiketaren hasiera azaroaren 11n egingo dute.

Orduan, Jose Enrique Abuin Gey, 'El Chicle' ezizenez ezaguna, akusatuen aulkian jesarriko da, Diana Quer gazte madrildarra desagerrarazi, bortxatu eta hiltzeagatik. Abuin da akusatu bakarra, 18 urteko emakumea hil zuela aitortu baitzuen. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar diezaiokete.

Epaiketa Quer desagertu eta hiru urte pasatxora abiatuko da. Gaztea 2016ko abuztuaren 22an desagertu zen, A Pobrako jaietatik etxera oinez itzultzen ari zela.

Ikertzaileek neskaren sakelakoaren azken mezuak (hasiera batean hura ere desagertuta egon zen), azkenekoz ikusi zutenen testigantzak eta inguruabarrak aztertu zituzten, alferrik. Quer desagertu eta zortzi hilabetera, 2017ko apirilean, instrukzio epaileak auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, proba faltagatik. 2017ko amaieran, baina, gizon bat bera bahitzen eta bortxatzen saiatu zela salatu zuen emakume batek (auzi horregatik zigorra betetzen ari da 'El Chicle'). Jose Enrique Abuin Gey atxilotu zuen Poliziak, eta horrek Querren hilketa aitortu zuen azkenean. Hark emandako jarraibideei esker topatu zuten Diana Querren gorpua.

Zinpeko epaimahaia

Abuin Geyri hiru delitu egotzi dizkiote: hilketa, sexu erasoa eta legearen aurkako atxiloketa. Delitu horiengatik espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar diezaiokete; hori da, hain justu, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egin duten eskaera.

Horrez gain, Dianaren gurasoentzat eta ahizparentzat, hurrenez hurren, 254.000 eta 36.000 euroko kalte-ordaina eskatu du Fiskaltzak. Libre geratuz gero, familiarengandik urruntzeko agindua 10 urtez luzatzea, A Pobrara joateko debekua eta heziketa sexualerako programa batean parte hartzeko betebeharra galdegin du fiskalak. Akusazio partikularrak ere antzeko eskaerak egin ditu (300.000 euroko kalte-ordaina eta urruntze agindua 10 urtez).

Epaiketa zinpeko epaimahaiaren aukeraketarekin abiatuko da. Hurrengo egunean, saioekin hasiko dira, eta orduan espero da akusatuaren deklarazioa, baita Diana Querren gurasoena ere.

Gerora, lekukoen txanda izango da. Abuin Gey akusatuaren senitartekoek, biktimaren ezagunek, udaltzainek eta hainbat auzokidek deklaratuko dute. Ondren, adituek deklaratuko dute (40 bat izango dira).

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Galizia Matxismoa Sexu erasoak Erailketak