Gizartea -

Urrezko Danborra

Abian da 2020ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua

Azaroaren 17ra arte, hautagaiak aurkeztu ahalko dira; hilaren 27an proposamenak aztertu eta hiru finalista hautatuko dituzte. Bozketa beharko balitz, abenduaren 9tik 15era egingo litzateke.

Rosa Garcia ekintzaileak jaso zuen 2019ko Urrezko Danborra. Argazkia: EFE.
Rosa Garcia ekintzaileak jaso zuen 2019ko Urrezko Danborra. Argazkia: EFE.
Rosa Garcia ekintzaileak jaso zuen 2019ko Urrezko Danborra. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko Donostiako Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua abian da jada. Horrela, azaroaren 17ra arte, erroldatuta dauden donostiarrek, elkarteek, fundazioek, hiriko kirol-klubek eta talde politikoek aukera izango dute hautagaitzak aurkezteko, Udalaren web orriaren bidez.

Udalak jakinarazi duenez, proposamenak Easo kaleko Herri Partaidetzarako Bulegoan ere aurkeztu ahalko dira; bertara joan nahi dutenek laguntza teknikoa jasoko dute, Interneten prestatutako plataformaren bidez. Gehienez, proposamen bat egin ahal izango dute donostiarrek.

Epe hori amaituta, azaroaren 18tik 27ra bitartean, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetzarako Zerbitzuak proposamenak aztertuko dituzte, eta txostena egin, eta Udaleko Bozeramaileen Batzordeari helaraziko diote.

Hiru finalista

Batzordeak gehienez hiru hautagaitza aukeratuko ditu, azaroaren 28tik abenduaren 3ra bitartean. Finalistak aukeratzeko orduan Bozeramaileen Batzordean hautagaitza baten inguruan gehiengo berezia badago, Batzordeko bi heren ados egonez gero (osoko bilkuraren ordezkaritza haztatua kontuan hartuta), Urrezko Danborra zuzenean emango diote horri.

Gehiengorik ez badago, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarren esku egongo da, herri-bozketa baten bidez. Erroldatutako 16 urtetik gorako donostiarrek eman ahalko dute botoa, abenduaren 9tik 15era, Udalaren webgunea erabiliz.

Nahi izanez gero, Udalinforen bulegoetan ere eman ahalko da botoa, Altzan, Eason, Morlansen eta Udaletxean, edota Easo kaleko Herri Partaidetzarako Bulegoan. Bertara doazenek teknikarien laguntza jasoko dute.

Bozketa amaitu eta prozesua egiaztatu ondoren, Udalak abenduaren 16an emango du Urrezko Danborra jasotzeko hautagaiaren berri, eta Udalbatzak abenduan bertan berretsiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Danborrada 2024 Donostiako informazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Donostiako Urrezko Danborra