Gizartea -

Tráfico

Gipuzkoako errepideetako trafikoari ere eragingo dio Behobia-Donostia lasterketak

09:45ean hasiko da lasterketa, baina ibilgailuentzat itxita edo ordezko bideak izango dira igandean, azaroaren 10ean, 06:00etatik aurrera.

Behobia-Donostiak 20 kilmetroko ohiko ibilbidea izango du. Argaxkia: EFE
Iazko lasterketa
Behobia-Donostiak 20 kilmetroko ohiko ibilbidea izango du. Argaxkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behobia (Irun) eta Donostiaren arteko ibilgailuen trafikoari ere eragingo dio bi udalerrien arteko lasterketaren 55. edizioak azaroaren 10ean, igandean, 06:00etan hasi eta proba bukatu arte.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak ordezko bideak erabiltzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jarraibideak errespetatzea gomendatzen du.

Etenak

Irunen, Oxinbiribilgo eta Behobiako biribilguneen arteko zatia itxita egongo da 06:00etatik aurrera. Ordezko bide bat jarriko dute 54 poligonotik autoentzat, eta AP-8tik, ibilgailu astunentzat.

Gaintxurizketa gaineko ohiko by-passa igande goizaldean hasiko dira. 08:30ean egongo da prest. GI-636 errepidearen Irungo noranzkoa parte-hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da, eta Donostiako noranzkotik ibilgailuak igaroko dira, GI-2638 errepidearekin lotuta (Lezo-Gaintxurizketa).

08:30ean, GI-636 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat 7,9. kilometrotik (Gaintxurizketa gaineko hasiera) 2,5. kilometroraino (Altamira). Ordezko bidea eskainiko dute GI-2638 errepidetik (Gaintxurizketa-Lezo-Altamirako biribilgunea).

Gomendioak

Parte-hartzaileen kopuru handia dela-eta (30.000 pertsona baino gehiago), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa denbora luzean egongo denez etenda, gomendatzen da beste errepide batzuk erabiltzea Irunen, Donostiaren, eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako.

Proba egin bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea: hau da, ezingo da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu, etab. Halakoek arriskua dakarkiete bai lasterketan parte hartzen dutenei, bai trafikoari, oro har, eta zigortuak izan daitezke.

Igandean hauteskunde-eguna ere badenez, antolatzaileek lasterketa igaroko den lekuen inguruan dauden lau hauteslekuetara iristeko pasabideak egokituko dituzte, bat Irunen eta hiru Donostian. Horrela, hautesleku horietara iristea bermatuko da bozkatu ahal izateko. Bozkatzera joango diren pertsonen joan-etorriak direla-eta puntu horietan jarraibideei arreta berezia eskaintzea eskatzen da.  

Era berean, probaren aurreko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta berezia jarri beharko dute bidetik eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko arauak betetzeko (kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea, ilaran joatea, jantzi islatzaileak eramatea...), arrisku-jokabideetan erori gabe.

Ibilbidea

09:45ean hasiko da lasterketa, ordu horretan abiatuko baitira gurpildun aulkietan arituko diren parte-hartzaileak; bost minutu geroago irtengo dira ibilbidea patinetan egingo dutenak, eta 10:15ean izango da oinezkoen txanda.

Lasterketa Behobiatik, Faisaien Uharte ondotik, abiatuko da, eta Irundik, GI-636 errepideari jarraituz, Gaintxurizketa gainera igoko da, eta errepide berean barrena Errenteriako hirigunerantz egingo du. Jarraian, Pasai Antxon sartuko da Nafarroa Hiribidetik, Donostian Mirakruz gainetik sartuko da eta Gros eta Zurriola pasealekua zeharkatuta Boulevarden amaituko da. Azkeneko parte-hartzaileak 11:39ak aldera irtengo dira Behobiatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Behobia-Donostia Hauteskunde orokorrak Gizartea Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Trafikoko web-kamerak Gasteizen Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak