Gizartea -

25N

Arabako taldeek emakumeenganako indarkeriaren kontrako kanpainan parte hartuko dute

Azaroaren 25a dela eta, Alaveseko emakumeen zein gizonezkoen taldeak, Baskoniak, Araskik, Gaztedi Rugby Taldeak eta Zuzenak taldekoek sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte.

EiTB.eus | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Arabako Foru Aldundiak sentsibilizazio kanpaina bat aurkeztu. Haren helburua “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko kirola” aldarrikatzea da, eta, honakoa da horretarako aukeratutako eslogana: ‘Honek ez du minik ematen– Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko kirolaren alde’. Eslogana honako leloek laguntzen dute: “Min ematen duena da nire lorpenez hitz egin beharrean nire fisikoaz jardutea”, “Min ematen duena da komunikabideetan ikusgarritasunik ez izatea”, “Min ematen duena da berdin ez kobratzea”, “Min ematen duena da emakumea izateagatik kirolean gutxiestea”.

Kanpainaren iragarkian, Alaveseko emakumeen zein gizonezkoen taldeko, Baskoniako, Araskiko, Gaztediko eta Zuzenak taldeko kirolariek ahotsa eta irudia jarri dizkiote aldarrikapen horiei. Mery Ortiz de Pinedo (Alaveseko emakumeen taldeko kapitaina) Cristina Molinuevo (Araskiko kapitaina), Martina Bastida (Araskiko jokalaria), eta Naiara Rodriguez (Zuzenak taldeko jokalaria) izan dira iragarkian parte hartu dutenak, Toko Shengelia (Baskoniako kapitaina), Victor Laguardia (Alaveseko jokalaria), eta Oier Montalbanekin (Gaztediko jokalaria) batera.

Horrez gainera, kirol taldeek kamiseta edo besoko morea jantziko dute partida batzuetan, minutu bateko isilunea egingo dute, puntu moredun pankarta jarriko dute eta bideomarkagailuek kanpainaren iragarkia igorriko dute. Era berean, ArabaBus autobusetan ikusgai egongo da iragarkiaren spota.

Aurkezpen ekitaldian, Nerea Melgosa (Arabako Foru Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendaria), Jesus Vazquez (Baskonia-Alaves taldeko zuzendari nagusia), Iratxe Rodriguez (Araskiko lehendakaria), Itxaso Carrillo (Zuzenak taldeko kudeatzailea), Moises San Mateos (Gaztediko lehendakaria) eta Oier Montalban (Gaztediko lehenengo taldeko jokalaria) izan dira.

Nerea Melgosak nabarmendu du: “Arabako Foru Aldundiak hitz eman du agintaldi honetan irmoago jardungo duela giza eskubideen urraketa larri honen aurkako borrokan” eta “kolektibo feministari eta berdintasunaren aldeko zein indarkeria matxisten aurkako hainbat mugimenduei esker, herritar gehienek indarkeriaren adierazpen argienak antzematea lortu dugu. Kanpaina honen bitartez, pauso bat gehiago eman nahi dugu, herritarrek beste indarkeria mota batzuk hauteman ditzaten; izan ere, sotilagoak izaten dira, baina ondorio larriak dituzte”. 

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzak beste ekimen batzuk antolatu ditu, Hitz Kolpez zein Beldur Barik programekin eta Laia Eskolarekin (Arabako Emakumeen Ahalduntzerako eta Berdintasunerako Eskolarekin) batera. Foru Gobernuko Kontseiluak ere Erakunde Adierazpena egingo du bihar, azaroak 19. Horren bitartez, herritar guztiei dei egingo die hilaren 25ean, eguerdiko 12:00etan, elkarretaratze isila egitera, Aldundiaren Jauregiko harmailetan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Emakumeen kirola albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa