Gizartea -

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren biktimentzako euskal telefonoak 3.000 dei jasotzen ditu urtero

Eusko Jaurlaritzak 2006an sortu zuen zerbitzua; biktimei informazioa eta laguntza ematen die, isilpean.

Artolazabal eta Landaida, balantzearen aurkezpenean. Argazkia: EFE.
Artolazabal eta Landaida, balantzearen aurkezpenean. Argazkia: EFE.
Artolazabal eta Landaida, balantzearen aurkezpenean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren biktimentzat Eusko Jaurlaritzak duen telefono-zenbakiak (900 840 111 da) 3.000 dei jaso izan ditu urtero, batez beste, 2006an zerbitzua sortu zutenetik. Horren xedea da biktimei informazioa eta laguntza ematea, doan eta isilpean, eguneko 24 orduetan, egunero, eta 50 hizkuntzatan baino gehiagotan.

"Ez da larrialdietako telefonoa, horretarako 112 zenbakia dago, baizik eta arretan jarraipenarekin gauzatutako banan-banako esku-hartzeak egitekoa, alegia, konfiantza eta errespetuko gunea sortzeko balio duten banan-banako esku-hartzeak egitekoa. Biktimek behin baino gehiagotan deitzen dute, normalean, eta beraiek erabakitzen dute zer egin nahi duten", azaldu du Oihane Zarate psikologoak; Zaratek Satevi izeneko telefono-zerbitzu horretan egiten du lan.

Eusko Jaurlaritzaren baliabidea denez, biktima batek 016ra deitzekotan, hau da, Espainiako Gobernuaren informazio eta aholkularitzako telefono-zenbakira deituz gero, eta bere burua identifikatzen badu EAEko bizilagun gisa, Jaurlaritzaren zerbitzu horretara bideratzen dute.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Emakunde Emakumearen Euskal Institutuko zuzendari Izaskun Landaidak aurkeztu dute, ostiral honetan, Sateviren jardueraren balantze bat; hilaren 25ean, astelehenarekin, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira egin dute aurkezpena.

56.000 dei

2006tik honako 13 urteotan, zerbitzuak 56.000 dei jaso ditu; horietatik, % 64 biktimek eurek egin dituzte; eta gainerakoak, gertuko pertsonek edo profesionalek eginak izan dira.

Deien % 95ek baino gehiagok zerikusia izan dute indarkeria matxistarekin; % 2k, sexu-erasoekin; eta ia % 3k, familiaren arloko indarkeriarekin.

Deitu duten biktimen ia % 60 30-50 urte bitartean zeuden; % 18, 18-30 urte artean; % 12, 50-60 bitartean; eta ia % 11k 60 urte baino gehiago zituzten. Azken datu horrek erakusten du adin-tarte horretan gero eta agerikoagoa dela indarkeria matxista; izan ere, hazi egin da 60 urtetik gorako biktimen deien kopurua.

Deitu dutenen % 77 eta erasotzaileen % 74 Estatukoak izan dira.

Tentsioa, antsietatea eta beldurra metatzen ari zirela deitu dute biktimen % 63k (hau da, indarkeria fisikoaren aurreko fasean); % 13k, indarkeriaren leherketa pairatzen ari zirela; eta % 3,4k, leherketa horren osteko adiskidetze-fasean. Indarkeria-ziklotik irten ondoren, baina ondorioek oraindik jarraitzen zutenean, ia % 20k eskatu zuten laguntza.

Seme-alaben ustezko "ongizatea"

Zaratek azaldu du zer gertatzen den, batzuetan, tartean seme-alabak daudenean; hain zuzen ere, emakumeak ez duela banandu nahi, horien "ongizatean" pentsatuta. Psikologoak nabarmendu egin duenez, tratu txarrak eragiten duen gizon bat "inoiz ez da izango aita ona, eta ez die eredu egokirik emango seme-alabei".

Artolazabalek, bere aldetik, jakitera eman du urtarriletik aurrera Satevi zerbitzua entzumen-desgaitasuna duten emakumeentzako ere egongo dela eskuragarri; hiru bandako komunikazio-sistema bat aktibatuko dute, eta tartean zeinu-hizkuntza ere izango da.

Azpimarratu du, halaber, datu-base bat abiatuko dutela, zerbitzua erabili duten 30.000 emakumerekin; horren helburua izango da gizartea haien testigantzen bidez sentsibilizatzea, "erabateko anonimatutik".

Emakundeko zuzendariak, aldiz, gogora ekarri du indarkeria matxista emakumearen berdintasunik ezak sortutako arazo estruktural batetik datorrela: "Arlo guztietatik heldu behar diogu, eta modu koordinatuan. Epe laburrean ere jardun behar dugu".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Espainian Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Delituak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Mundu matxista Emakunde