Gizartea -

Mozioa Batzar Nagusietan

Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzuari bultzada eman nahi diote Araban

EAJk eta PSE-EEk mozioa aurkeztu dute, baina azkenean talde guztiek transakzio-zuzenketa bat aho batez onartu dute.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzuari bultzada bat ematea eskatu diote Arabako Batzar Nagusiek Aldundiari. Era berean, emakume biktimei laguntzeko eta babes psikologiko eta legala zein etxebizitza bat eskaintzeko orduan beste erakundeekin lankidetza areagotzea aldarrikatu dute.

Azaroko ohiko saioa egin dute Batzar Nagusiek. Oraingoan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu dute, Emakumeen aurkako Indarkeriarekin bukatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Azkenean, talde guztiek transakzio-zuzenketa bat aho batez onartu dute.

Testuaren arabera, emakumeen aurkako indarkeriak bi sexuen arteko botere harremanetan izandako desberdintasun historikoan ditu erroak; izan ere, emakumeek sektore publiko zein pribatuan "bazterketa" sufritu dute.

Bazterketa horrekin bukatzea Arabako erakundeen eta gizartearen lehentasuna izan behar da.

Berdintasunean sakontzeko sentsibilizazio programak egitea eskatu diete Batzar Nagusiek Aldundiei, baita politikariak eta teknikariak trebatzeko hezkuntza programa bat diseinatzea ere, genero ikuspuntua barneratzeko.

Biktimak artatzeko zerbitzuari bultzada emateaz gain, emakumeak berehala artatzeko zentroen bilakaera aztertzea eskatu diote Aldundiari, beharrezkoa balitz langile kopurua areagotzeko.

Adineko emakumeen problematikari arreta berezia eskaintzea eskatu dute, kasu horietan indarkeriaren normalizazioa eta ikusezintasuna handiagoa delako.

Jarduera administratiboan genero ikuspuntua barneratzeko eskatu diote Aldundiari, baita biktimak erreparatzeko eta aitortzeko ekintzak aurrera eramatea ere; esaterako, erakundeen ekitaldiak eta oroitzapenezko osagaiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Tratu txarren biktimak