Gizartea -
Laneko gaixotasunak
Jaurlaritzak Amiantoaren Plana garatzen ari dela iragarri du
Gemma Zabaleta Lan sailburuak azaldu duenez, 5.631 kasu jaso dituzte txosten batean eta amiantoaren kaltea saihesteko dekalogo bat osatuko dute.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaien sailburuak iragarri du Jaurlaritza Amiantoaren Euskal Plana garatzen ari dela eta horretarako material kantzerigenoak kaltetutako 5.631 kasurekin txostena osatu dutela.
Zabaleta Donostiako Miramar Jauregian izan da uda ikastaro baten inaugurazioan, lan-osasunaz eta gaixotasun profesionalei buruz EHUk eta Osalanek elkarlanean antolatu duten lehen ikastaroaren hasieran.
Gemma Zabaletak azaldu duenez, amiantoarekin lotutako gaixotasunei buruz Osalanek jaso dituen kasu guztiekin txostena osatu dute egungo egoera zein den jakiteko. Hori horrela, 5.631 langileren kasuak bildu dituzte, horietako 4.226 langile dagoeneko erretiratuta daude.
Gutxi barru dekalogo bat bidaliko omen dute enpresetara amiantoarekin nola lan egin azaltzeko eta langileak arriskuan ez jartzeko. Sailburuak esan du horiek izango direla planaren neurrietako batzuk.
Lan gaixotasunak "lanaren munduko mehatxu nagusi eta ikusezina" direla ohartarazi du Lan sailburuak. Osalanek gaixotasun profesionalen inguruan egindako mapak hori uzten omen du agerian.
Gainera, Zabaletak esan du gaixotasun horiek ez prebenitzeak 106 milioi euroko kostua izan zuela 2008an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,16 adina eta euskal osasun publikoaren gastuaren % 3,3.