Gizartea -
Nafarroa
Familia baten etxegabetzea gauzatu dute Iruñean, hori saihesten saiatu badira ere
Dena dela, "gauean beste etxebizitza batean estalpean lo egiteko aukera" eskaini die Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak. Familia horretan lau adingabe daude.
Agentziak | Erredakzioa
PAH Hipotekek Kaltetutakoen Plataformaren protestek eta herritarren babesak ez dute lortu bikote baten eta haien lau seme-alaben etxegabetzea geldiaraztea astelehen goizean Iruñean, Lezkairuko Zalduko kaleko etxebizitza batean. Ostegunean, etxegabetzea egun batzuk atzeratzea lortu zuten, baina gaur ez dute helburu hori lortu.
Begoña Alfaro PAH elkarteak Nafarroan duen abokatuak jakinarazi duenez, idazkari judiziala 09:00ak aldera iritsi da etxebizitzara, kaltetutako familia horren seme-alabak eskolan zeudenean, eta Yulan haien amaren aurrean, burutu dute prozesua.
Sustatzaile batek 2019ko otsailean aurkeztu zuen etxegabetzea gauzatzeko demanda, eta, kaleratze hori gauzatzeko data urriaren 21erako aurreikusi zuten. Testuinguru horretan, agindua zertxobait atzeratzea lortu zuten, baina epea gaur bertan amaitu da, eta ezin izan dute etxegabetzea saihesteko ezer egin.
Alfaroren hitzetan, "negoziatu nahi genuen gauza bakarra denbora gehixeago eskatzea zen. Ez genuen ezer gehiago nahi eta ez genuen pentsaezina den ezer eskatzeko asmoa. Mugimendu baketsua gara, eta hori da gure ezaugarri bereizgarrienetako bat".
Hala, etxegabetze horren kontra agertu den arren, Alfarok azaldu du PAH elkarteak “alternatiba bat” eskaini diola kaltetutako familiari, izan ere, “diru publikoarekin erreskatatutako beste etxebizitza batean estalpean lo egiteko aukera izango dute gaur gauean”.
Testuinguru horretan, orain emango dituzten urratsen berri eman du Alafok: “Nafarroako Gobernua jabearekin bitartekari lanak egin ditzan inplikatuko dugu, etxebizitza hori ondare publikoaren alokairuko poltsaren parte izatera pasa dadin, etorkizunean horren beharra duen edozein nafarren esku egoteko”.
PAH elkarteak Nafarroan duen abokatuak azaldu duenez, “plataformak inoiz ez du esku hartzen partikularren etxebizitzekin zerikusia duten auzietan; soilik diru publikoarekin erreskatatutako funtsekin eta finantza-erakundeekin egiten du”. Hala, kaltetutako familia horri eskaini berri dion etxearekin bere garaian egin zuten bezala, Nafarroako Gobernuak bitartekari lana egin dezan saiatuko dira orain, Lezkairuko Zalduko kaleko etxearen jabeak etxebizitza hori alokairuko poltsaren esku utz dezan.
Etxegabetzearen prozesua amaituta, Yulanek hunkituta eskertu du PAH plataformaren eta bertaratu diren beste kolektiboen babesa.