Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Zortzi lagun zigortu dituzte Iruñean bi emakume prostituitzera behartzeagatik
Auzipetuek "Nigeriatik emakumeak erakartzen zituzten prostituzioaren bitartez esplotatzeko, euren egoera ahulaz aprobetxatuta".
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak 2 eta 12 urte eta erdi arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie zortzi laguni Nigeriatik emakumeak Iruñera erakarri eta prostituitzera behartzeagatik.
Prostituzioaren bitartez sexu-esplotaziorako helburuarekin gizakiak (horietako bat adingabea) salerostea egozten die auzitegiak auzipetutako zortzi lagunetako zazpiri, eta legez kanpoko migrazioa sustatzea.
Hori horrela, 12 urte erdiko kartzela-zigorra ezarri diote auzipetuetako bati; 10 urte eta 5 hilabetekoa, beste bati; 11 urte eta erdikoa, beste hiruri; eta 8 urte eta 10 hilabetekoa, gainerako biei.
Zortzigarren auzipetua ez da Iruñean bizi, Parlan (Madril) baizik, eta 2 urteko kartzela-zigorra eta 1.800 euroko isuna onartu du prostituziora behartzeagatik.
Lehenengo zazpi auzipetuek 20.000 euro eman beharko dizkiote biktima bakoitzari, kalte-ordain gisa.
Ebazpenean agertzen denez, auzipetuek "Nigeriatik emakumeak erakartzen zituzten prostituzioaren bitartez esplotatzeko, euren egoera ahulaz aprobetxatuta, euren herrialdeko prekarietatearen aurrean bizitza hobetuko zietela hitzemanda".
Iruñera iritsitakoan, pasaporteak kentzen zizkieten emakumeei eta Agustinos Poligonoan prostituitzera behartzen zituzten. Lortzen zuten dirua, gainera, auzipetuei eman behar zieten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.