Gizartea -

Aldaketa klimatikoa

Etxeetan arnasten dugun airea kalekoa baino kutsatuago egon daiteke

Adituen esanetan hezetasunak, altzari motak eta alfonbrek isurtzen dituzten gasek ondorio negatiboak izan ditzakete pertsonen osasunean.

Etxeko kutsadura kalekoa baino handiagoa izan daiteke. Artxiboko argazkia: EFE
Etxeko kutsadura kalekoa baino handiagoa izan daiteke.
Etxeko kutsadura kalekoa baino handiagoa izan daiteke. Artxiboko argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeetako airea ere ez da kutsaduraz libratzen, izan ere, EFEk elkarrizketatu dituen adituen arabera, bizilekuetako kutsadura maila "kalekoa baino altuagoa izan daiteke". Ohartarazi dutenez, osasunarentzako kaltegarriak diren kutsatzaileak aurki daitezke etxeetan.

Rinitis eta asma kasu askoren jatorria etxeetako kutsadura ikusezinean dagoela baieztatu dio Carles Suriàk, biobizigarritasun aholkulariak eta airearen kalitatean aditua den ingeniariak, EFEri.  

Etxeetako kutsaduraren arrazoi nagusia ezjakintasuna dela adierazi du Suriàk. Nagusiki, akaroak eta onddoak "kutsadura biologiko ikusezina" direla gehitu du, baina, kasu batzuetan, hezetasun-maila baxuek zein altzari eta zuntz sintetikoek ere kutsadura handitzen dute. Adituak etxe osasuntsu batek gaixotasunak ekiditen dituela azpimarratu du.

Arazo horiek ekiditeko, Suriàk etxeetako dekorazioa produktu naturaletan oinarritzea gomendatu du: pintura mineralak, kotoizko alfonbra eta gortinak, zeramikazko lurrak edo egurrezko parketak… Baina garrantzia berezia eman dio etxeak aireberritzeari.

Etxeak ez aireztatzeak CO2 kontzentrazioa handitzen du. Carles Suriàren hitzetan, guk sortzen dugun CO2ari, alergiak eta sumindurak sortu ditzaketen terpenoa bezalako disolbatzaile naturalak gehituta, etxeetako giroa hondatu egiten dute.

Adituaren esanetan, aromadun hidrokarburoez gain, radon gasa (hondarrezko eta granitozko lurretan aurki daiteke eta biriketako minbiziaren bigarren eragile nagusia da) etxeetako material kutsagarrienetakoa da. Gainera, horri kutsadura biologikoa eta partikula esekiak gehitu behar zaizkio.

Bestalde, Beth Greer kazetariaren arabera ez dugu inoiz gure etxeetan bizitzeak nekatu eta gaixotzen gaituela pentsatzen, baina, La casa natural liburuan, behin eta berriz azpimarratzen du etxeetan dauden eta toxikoak izan daitezkeen hainbat substantzia barneratu ditzakeela gure gorputzak.  

Greerrek dioenez buruko mina eta mukiak eragin ditzaketen gasak isurtzen dituzte moketek eta alfonbrek. Moketa berrien usaina arriskutsutzat hartzen diren latexean oinarritutako kimikoak, azetona, bentzenoa eta bestelako substantziek eragindakoa da.

Loari ere kalte egiten diote koltxoi sintetikoek botatzen dituzten gas eta kimikoek. Substantzia horiek airera bota eta gauean arnasten ditugu. Horregatik, poliuretanoa, poliesterra edo poliestirenoa ez duten koltxoiak erostea gomendatzen du Beth Greerrek. Formaldehidoa duten produktuak ez erosteko ere esan du (kotoia eta poliesterra nahasten dituzten maindireetan aurki daiteke).

Hori gutxi balitz bezala, logela kutsadura elektrikoa duen foku arriskutsu bihurtzen da, askotan telebista bat, mugikor bat, iratzargailua eta ordenagailua izaten baitira bertan.

Suteak gelditzeko tratatuta dauden tapizak ere ekiditea gomendatzen du Greerrek, "bizitzak salbatzen dituzten arren, gaixotasunak eragin ditzakete".

Pareten kasuan, margotzerako orduan, Konposatu Organiko Lurrunkorrik gabeko (edo maila baxua dutenak) pinturak erabiltzea gomendatu du, hala nola, pintura zeramikoak.

Hala ere, Greerrek datuekin ez larritzeko dio: "Egoeraz jabetzea eta pixkanaka ohiturak aldatzea da gakoa".

Bukatzeko, Carles Suriák barrualdeetako kutsaduraren inguruko informazioa falta dela dio. Hezetasuna kontrolatzea, giroa garbitzeko landareak jartzea eta komun zein sukaldean erauzgailuak jartzea konponbideetako batzuk direla gehitu du.

Gainera, kontsumo jasangarriaren aldeko deia egin du; izan ere, produktu naturalak eta gertukoak erosiz, aldaketa klimatikoaren ondorioak gutxitzen direlako eta horrek gure osasuna hobetzen lagunduko digulako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Larrialdi klimatikoa 2024 Kutsadura gaur