Politika -

Mugikortasun jasangarria

Garraio publikoa sustatzeko lege-proiektu bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak

Lege-proiektu horren helburu nagusia da Euskadin garraio-sistema integratu bat arautzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea, klima-aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko.

Tranbia. Artxiboko argazkia: EiTB
Tranbia.
Tranbia. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal administrazioek ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko "disuasio-neurriak" sustatuko dituzte, eta, horretarako, ingurumen-inpaktu handia duten hiriguneetarako sarbidea mugatzeko neurriak hartuko dituzte, betiere garraio publikoa erabiltzeko aukera bermatuta dagoenean.

Zehazki, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak landutako Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Lege-proiektuan jasotako ildo nagusietako bat da hori. Jaurlaritzak oniritzia eman dio egitasmoari, eta, ondorioz, testua Legebiltzarrera igorriko dute, bertan tramitatu eta eztabaidatu dezaten.  

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, lege horrek garraio publikoa sustatu eta hobetu nahi du, baina argi utzi du ez dela ibilgailu pribatuaren erabilera arautu nahi.

Ildo horretatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak prestatu duen lege-proiektuak ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko disuasio-ekintza jakinak aurreikusten ditu; adibidez, hirietatik kanpo aparkalekuak eraikitzea, ibilgailua hor utzi eta hirietan zerbitzu publikoak erabiliz sartzeko.

Garraio publikoaren eskaintza nahikoa eta "eraginkorra" bada, alegia, behar adina zerbitzu eskaintzen baditu eta prezio egokiak baditu, "hori, berez, pertsona batek bere ibilgailu pribatua etxean uzteko disuasio-neurri bat da".

Lege-proiektu horren helburu nagusia da Euskadin garraio-sistema integratu bat arautzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea, klima-aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko. Halaber, gasolioa erabiltzen dituzten ibilgailuak pixkanaka errepideetatik atera nahi ditu Jaurlaritzak, eta ibilgailu pribatuaren "erabilera masiboak" eta petrolioaren deribatuen erabilerak sortutako ingurumen-arazoei eta herritarren kezkei erantzun.

Bestalde, Euskal Administrazio Orokorrak eta Euskadiko Garraio Agintaritzak tarifa-sistema bakarra eta integratua sustatuko dute. Horrela, hiru hiriburuetako trenbide-batasunean tarifa-zonakatze bat arautuko dute, eta sistema osatzen duten garraio-modu desberdinak erabiltzeko balio duen titulu bakarra sortuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Klima-aldaketa Politika Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ingurumena Garraio publikoa gaur Euskadiko kutsadura Larrialdi klimatikoa