Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute bere pisukideari sexu-erasoa egitea leporatuta, Araban
Emakumeak egun batzuk zeramatzan gizonarekin bizitzen, eta beste etxe batera joateko asmoa zuela esan zionean izan zen erasoa.
agentziak | erredakzioa
43 urteko gizonezko bat atxilotu dute emakume bati, bere pisukideari, sexu-erasoa egitea leporatuta, Oionen (Araba), Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gauerdia pasata, emakume batek Ertzaintzari deitu dio bere etxebizitzan sexu-erasoa egin diotela ohartaraziz. Ertzaintza berekin jarri da harremanetan, eta kalean aurkitu du. Emakumeak esan die egunak zeramatzala gizonezko batekin, ezagun batekin, etxebizitza batean bizitzen, eta atzo gauzak hartu eta beste etxe batera joateko asmoa agertu ziola.
Horren aurrean, gizonak logela batera eraman, beisbol makil batekin mehatxu egin eta zaplaztekoa eman zion ateratzen saiatu zenean. Orduan, salaketaren arabera, bortxatu egin zuen. Horren ondoren, biktimak etxetik atera ahal izan zuen eta 112ra deitu, kaletik.
Emakumeak emandako informazioari esker, Ertzaintza etxebizitzan bertaratu da eta ustezko erasotzailea atxilotuta eraman du. Epailearen esku dago orain. Biktima, berriz, Txagorritxu Ospitalera eraman dute auzitegi-medikuaren esku uzteko.