Gizartea -

GABONETAKO LOTERIA

26.590 zenbakiak eskuratu du sari potoloa

09:19ak aldera atera da zenbakia. Saloun, Salamancan, Madrilen eta Bartzelonan saldu dute, besteak beste. Euskal Herrian ez da zenbaki horren dezimorik saldu.

Saloun sari potoloa saldu duten Administrazioa. Argazkia: EFE
Saloun sari potoloa saldu duten Administrazioa.
Salouko administrazio batek sari potoloaren 90 serie banatu ditu

0:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

26.590 zenbakiari egokitu zaio aurten Gabonetako Loteriaren sari nagusia. Zenbaki hori duen bakoitzari 400.000 euro egokitu zaizkio.

Euskal Herrian ez da dezimorik saldu, baina asko saldu da, adibidez, Saloun (90 serie) eta opor leku ezaguna izanda, gerta liteke euskaldunen batek zortea eduki izana. Zehazki, toki hauetan saldu da zenbaki hori: Madrilen (doña Manolita), Saloun (1. Administrazioa), Salamancan (25 serie Carrefour merkatalgunean), Alacanten (San Vicente del Raspeig, Alcoy eta Moraira), Surian, Bartzelonan, Murtzian (Las Torres de Cotilla eta Beniajan) eta Sevillan.

10.989 zenbakiari egokitu zaio bigarren saria. Serie bakoitzak 1.250.000 euroko saria jaso du; hortaz, dezimo bat duenak 125.000 euro lortuko ditu.

Madril, Badajoz, Bartzelona, Caceres, Lleida, Lugo, Malaga eta Pontevedran utzi du dirua.

Hirugarren saria 11:11n eman dute. 00750 zenbakiari egokitu zaio, eta 7,3 milioi euro baino gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian; 2,3 milioi euro Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat herritan, eta bost milioitik gora Nafarroan.

Iruñean, Aldapa kaleko administrazioan zenbaki irabazlearen hamar serie saldu dituzte, eta, horrenbestez, bost milioi euro banatu dituzte hor. Dezimo gehienak Iruñeko Udaleko oposizio batzuetarako prestatzen ari ziren lagun batzuei saldu zizkieten. Pertsona horientzat zortea bikoitza izan da, izan ere, Gabonetako loteriaren sariaz gain, oposaketa hauek ateratzea lortu zuten.

Ismael Cuadrado da Iruñeko Alde Zaharreko administrazio horren jabea. Kazetarien aurrean nabarmendu duenez, "oso pozik" daude emandako sariarekin, izan ere, "diru asko" banatu dute. "Lehen urtea izanik, hasiberriaren zortea izan dugu", ziurtatu du.

Zozketak 136.000 euro utzi ditu Gipuzkoan, hirugarren sariko dezimo solteetan eta Donostian, Aretxabaletan, Urretxun, Pasaian eta Irunen saldu diren bosgarren sarietako bi dezimoetan.

Gabonetako Loteriaren bi laugarren sariak 41.710 eta 49.797 zenbakientzat izan dira. Portugaleteko Abatxoko kaleko 23. zenbakian saldu dituzte bigarren zenbaki horren bi dezimo.

69.823 zenbakia izan da Gabonetako loteriaren bosgarren sarietako zazpigarrena. Bilboko 35. zenbakiko administrazioaren leihatilan, Otxarkoaga auzoan eta La Amistad tabernan saldu dituzte 80 serie, hau da, 4,8 milioi banatu dituzte. Zenbaki horretako 110 serie zituen kontsignatuta administrazioak, baina atzo hogei itzuli zituen, eta beste hamar Torroxeko (Malaga) bigarren administrazioarekin trukatu zituen.

Bestalde, 69.823 zenbakiaren beste serie bat Basauriko Astundiaga kaleko administrazioan saldu da (60.000 euro). Zenbakia 12:46an atera da zortzigarren taulako hamargarren alanbrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Loteria