Gizartea -

Gabonak

Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, gaur, Bilbon

17:30ean hasiko da desfilea, Carlton Hoteletik agurtu ostean, eta Kale Nagusia zeharkatuko dute, Arriaga Plazara iritsi eta bertan ikuskizuna egiteko.

Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: EiTB
Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: EiTB
Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olentzero eta Mari Domingi gaur, abenduak 23, iritsiko dira Bilbora mitologia pertsonaiez inguratuta, Kale Nagusia zeharkatu eta Arriaga Plazan ikuskizuna egitera.

Kalejira 17:30ean hasiko da (zuzenean ETB3n eta eitb.eus-en). Aurretik, Carlton Hoteleko balkoitik, Olentzerok eta Mari Domingik agurra egingo dute, Bilbora itzuli direla iragartzeko. Zeinu hizkuntzako laguntzaile batekin batera, "ilusioa eta zoriontasuna" zabalduko dute, "elkartasuna, berdintasuna eta bizikidetza balioen garrantzia azpimarratuz".

Kalera jaitsita, egurrezko Pottoka handia hartuko du Olentzerok Kale Nagusitik behera joan eta Arriaga Plazaraino iristeko. Mari Domingi aldamenean joango da, eta Basajaunak eta Lamiak ere parte hartuko dute desfilean.

Uneoro, eta bertaratzen direnen gozamenerako, zuzeneko musika egongo da eta Gaztedi Dantza Taldearen ikuskizuna. Galtzagorriak ere hor joango dira, haurrak agurtzen eta azken gutunak jasotzen.

Kalejira argiztatzeko bengalak eta koloretako argiak jarriko dituzte, mugimendu eta erritmo handia sortuz. Guztira 80 bat artista arituko dira kalea girotzen, zanpantzarrekin, dantzariekin, fanfarriarekin eta zuzeneko musikarekin batera.

Arriaga Plaza

Arriaga Plazara iritsita, ordu erdiko antzerki-musikalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren familiek. Bilboko Udalak bi pantaila erraldoi jarriko ditu Arriaga inguruan ikuskizuna zuzenean ikusi ahal izateko.

Agurraren eta abestien ondoren, Olentzero eta Mari Domingi Arriaga Antzokian sartuko dira, hurrengo egunera arte atseden hartzeko, baina jaiak aurrera jarraituko du, Areatzan 'Euskal Jaia' antolatu baitute. Jai horretan kantaldia antolatu dute, abesti herrikoiekin, Benta Zaharreko Mutil Alaiak taldearen eskutik.

Gaua Arriaga Antzokian igaro ostean, Olentzerok eta Mari Domingik, haurrak agurutuko dituzte banan-banan, asteartean, 11:00etatik aurrera.

Txartelak

Olentzerorengana joateko ordena zehazteko, txartelak banatuko dituzte. Familia bakoitzak gehienez hiru hartu ahal izango ditu (haurrentzako soilik, gurasoek ez dute behar). 1etik 500era 11:00etatik 12:00etara sartuko dira, gutxi gora-behera; 501etik 1.000ra, 12:00etatik 13:00era; eta 1.001etik 1.500era, 13:00etik 14:00etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gabonak Olentzero Gizartea Eguneko albisteak Albisteak