Gizartea -
Gipuzkoa
Hondakin-uren isurketa ekiditeko neurriak eskatu dituzte Pasai Donibaneko auzokideek
Salatu dutenez, "Pasaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 12 urte daramatzate Pasai Donibaneko hiri-osasunaren funtsezko araua urratzen".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itsasora hondakin-uren isurketa saihesteko saneamendu-neurriak eskatu dizkiete Pasai Donibaneko auzokideek Pasaiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, larunbat honetan izandako prentsaurrekoan. Auzokidek eta ekologistek osatutako taldeek deitoratu dutenez, erakunde horientzako "Pasaiako herritarren osasuna ez da lehentasuna".
"Hiri-saneamendua herrien eta hirien osasunaren zutabeetako bat da", azpimarratu dute, "eta Pasaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 12 urte daramatzate Pasai Donibaneko hiri-osasunaren funtsezko araua urratzen". Izan ere, etxeko eta hiriko hondakin-urak Pasaiako badiara zuzenean botatzen jarraitzen du Donibaneko barrutiaren parte batek, "inolako iragazkirik edo arazketarik gabe".
Zentzu horretan, auzokideek adierazi dutenez, hiriko hondakin-urak jasotzeko sistema bat beharko luke Pasai Donibanek, ondoren ur horiek tratatu ahal izateko. "Urteak daramatzagu bete gabeko promesekin, eta legezko betebehar bat lehentasun auzia bihurtu dute, badiaren saneamendua zerrendaren azken lekuan jarrita".
"Hamarkada bat daramatzate proiektu diferenteak aztertzen, baina oraindik ez dute gauzatu herritarren beharren eta ingurugiroarekiko jarrera arduratsu baten aurretik jartzen dituztelako euren interes alderdikoiak", amaitu dute auzokideek eta talde ekologistek.