Gizartea -

Bilbo

Hil egin da Udaltzaingoaren auto baten aurka talka eginda zauritu zen motorzalea

Hildakoaren familiako iturriek azaldu dutenez, Bilboko Udala eta Udaltzaingoa ez dira berriro senideekin harremanetan jarri ikerketaren xehetasunen berri emateko.

Talka gertatu zen tokia, Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Talka gertatu zen tokia, Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Talka gertatu zen tokia, Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaltzaingoaren auto baten aurka talka eginda larri zauritu zen motorzalea hil egin da arratsaldean, hildakoaren familiako iturriek ETBri baieztatu diotenez. Iragan larunbat goizaldean gertatu zen ezbeharra motor-gidari baten eta Bilboko Udaltzaingoaren patruila baten artean. 38 urteko motor-gidaria oso larri zegoen Gurutzetako ospitalean.

Iturriek erantsi dutenez, Udala eta Udaltzaingoa ez dira berriro familiarekin harremanetan jarri ikerketaren xehetasunen berri emateko.

Bilboko Udalak gaztearen heriotza deitoratu du, eta familiari doluminak eman dizkio.

Era berean, istripuaren ikerketa amaitzen denean informazio guztia familiari entregatzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman zutenez, motorzalearen familiari babesa eta elkartasuna adierazi zizkioten Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Amaia Arregi Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziak eta Bilboko Udaltzaingoko arduradunek.

Istripua 04:50 aldera jazo zen, Rodriguez Arias eta Iparragirre kaleen arteko elkargunean, Suzuki motor baten eta Renault Scenic ibilgailu baten artean.

Azken hori Bilboko Udaltzaingoko autoa zen, argiak eta soinu-seinaleak piztuta zituen, eta Moma diskotekaren atarian sortutako errieta batean esku hartzera zihoan, abiadura handian.

Iparragirre kaleko bidegurutzean kolpea izan zuen motorrarekin. Motorrak autoaren ezkerreko aldearen kontra jo zuen, eta 38 urteko motor-gidaria, sestaoarra, larri eraman zuten Gurutzetako ospitalera.

Ezbeharraren nondik norakoak argitzeko lekukoak eskatu zituen Bilboko Udlatzaingoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bilbo Bizkaia Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea Trafiko istripuen biktimak