Gizartea -
Krimena Hernanin
Rosario Romanen ustezko hiltzaileak polizia-etxean jarraitzen du
Hernaniko herritarrak 20:00etan elkarretaratzea egitera deituta daude. 19:00etan, Udalak ezohiko saioa egingo du, hilketa gaitzesteko, eta 18:00etan elizkizunak egingo dituzte.
Erredakzioa
Hernanin (Gipuzkoa) Rosario Roman bikotekide ohia hiltzea egotzita atzo atxilotutako 42 urteko gizonezkoak polizia-etxean jarraitzen du, Justiziaren esku noiz geratuko zain, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Gaur arratsaldean, 19:00etan, emakumezkoaren hileta-elizkizunak egingo dituzte.
Ordubete lehenago, 18:00etan, Udalak ezohiko saioa egingo du, hilketa gaitzesteko.
Gainera, 20:00etan, elkarretaratzea egingo dute Gudarien Plazan, Udalak, Berdintasunaren aldeko Hernaniko Batzordeak eta Txoko Feministak deituta.
Hilketa atzoko 05:30ean jazo zen, Izpizua kalean. Ustez, gizonezkoak labankada batzuk eman zizkion bularrean, eta emakumezkoa handik eta gutxira hil zen, han bertan.
Biktimaren alabak (30 urtekoa) ere labankada batzuk jaso zituen, eta Donostia Ospitalean daukate. Larri dago, baina haren bizia ez dago arriskuan.
Antza denez, herritar batek krimena ikusi zuen, aurre egin zion erasotzaileari, eta hark ebakiak egin zizkion beso batean. Beste pertsona bat biktimari laguntzen saiatu zen.
Ertzaintzak identifikatu egin zuen ustezko hiltzailea, eta ondoren telefonoz hitz egin zuen harekin. Bere burua entregatzeko konbentzitu zuten, eta Hernaniko lokal batera joateko esan zioten. Susmagarria hara zihoanean atzeman zuten.
Herrizaingo Sailaren iturriek baieztatu dutenez, ustezko erasotzaileak ez zuen une honetan biktimarengandik urruntzeko agindurik, baina 2007an espedientea ireki zioten indarkeria matxista tarteko. Azkenean artxibatu egin zioten, istiluak ez zirela errepikatu argudiatuta. Duela hilabete eta erdi, baina, Rosario Romanek salatu zuen gizonezkoak iraindu egin ziola, eta berriz ireki zioten espedientea.