Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bat hil du Toledon
Krimena Puebla de Almoradiel herrian izan da. Biktima, 43 urtekoa bera, ustezko hiltzailearen bikotekidea zen. Azken hori atxilotu egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat emakume bat hil du Toledon, Puebla de Almoradiel herrian (Gaztela-Mantxa, Espainia), asteazken honetako goizaldean. Krimen matxista honen biktimak 43 urte zituen, eta ustezko hiltzailearen bikotekidea zen. Azken hori atxilotu egin dute; 50 urteko gizon bat da.
Erasoa 00:25 aldera izan da, bikotearen etxean, aipatutako herriko Viriato kalean. Bertan hil da emakumea bikotekidearen erasoaren ondorioz; osasun-langileek ezin izan dute ezer egin.
Gaztela-Mantxako Berdintasun kontseilari eta autonomia erkidego horretako Gobernuaren bozeramaile Blanca Fernandezek Twitterren baieztatu du hilketa matxista dela, eta zehaztu du emakumearen bi seme-alabek ikusi dutela "krimen beldurgarri hau".
"Noiz amaituko da hau?", galdetu dio Fernandezek bere buruari. Kontseilariak adierazi du Gaztela-Mantxako Gobernuak "irmotasun eta sendotasun osoz" salatzen duela hilketa, eta nabarmendu du horrelakoak saihestu nahi dituztela: "Horregatik da garrantzitsua hezkuntza".
2020ko laugarren hilketa matxista
2020ko datuei erreparatuta, Toledoko hau aurten izandako laugarren hilketa matxista da, eta biktimak 2003an zenbatzen hasi zirenetik, 1.037. biktima da. Urtarrilean izandako lau hilketatik bi Gaztela-Mantxan izan dira, eta beste biak Katalunian. Orain arteko hiru kasuetan, ez zegoen erasotzaileen aurkako salaketarik.
Gertatutakoaren berri izanda, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak Twitterren esan du gizarteak ez duela atsedenik hartuko indarkeria matxistari amaiera eman arte: "Balizko hilketa matxista bat ari gara ikertzen beste behin. Ustez, bikotekideak emakume bat hil du Gaztela-Mantxan. Emakumeok bizirik egon nahi dugu eta ez dugu atseden hartuko gure gizartean indarkeria matxista desagertu arte", adierazi du ministroak.