Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gasteizen neska bat bortxatzea egotzita atxilotutako gaztea aske utzi du epaileak
Gasteizeko Mugimendu Feministak deituta, 150 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren Plazan, sexu-erasoa salatzeko eta biktimari elkartasuna adierazteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizen, bere etxeko atarian, neska bat bortxatzea leporatuta atxilotutako 20 urteko gaztea epailearen aurrera eraman dute gaur goizean, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Epaileak atxilotua aske uztea erabaki du, kautelazko neurriekin.
Batetik, pasaportea entregatu behar izan du, eta debekatu egin dio Espainiako Estatutik irtetea eta biktimarengandik 200 metrora baino gertuago egotea.
Antza denez, hiri erdiguneko taberna batean zeudela, etxera laguntzeko proposamena egin zion gizonak emakumeari. Behin hara iritsi zirenean, sexu-harremanak izateari uko egin zion neskak eta gizonak etxeko atarian bertan bortxatu zuen.
Erasoa izan eta ordu gutxira atxilotu zuten gaztea. Ertzaintzak jakitera eman duenez, aurrekariak ditu.
Elkarretaratzea
150 pertsona inguru bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, bortxaketa gaitzesteko eta biktimari babesa adierazteko. Elkarretaratzea Gasteizko Mugimendu Feministak deitu du.
Elkarretaratze isila izan da, "Erasorik ez, erantzunik gabe!" lelopean. Bertako erakundeetako alderdi gehienetako ordezkariek bat egin dute.
Alitxu Martinez del Campo Gasteizko Mugimendu Feministako kideak duela aste batzuk hirian gertatutako beste sexu-eraso bat gogorarazi nahi izan du. Ustezko erasotzaileak prostituta baten zerbitzuak ordaintzeari uko egin zion, salatu duenez.
Emakumeen aurkako erasoekin bukatzeko neurri eraginkorrak hartzea eskatu die Martinez del Campok administrazio publikoei. Berdintasun hezkuntzaren garrantzia aldarrikatu du, "etorkizuneko gizartean erasorik ez izateko oinarriak sortzeko".
"Ez gara erasotzaileei zigor handiagoa ezartzeaz ari, konponbidea hori denik ez dugulako uste; sistema heteropatriarkal kapitalista aldatu behar da, erasoak posible egiten dituelako", eskatu du.