Itxi

Gizartea

LUR-JAUSIA

Bilaketa berriro eten dute Zaldibarren, lurraren egoera ezegonkorragatik

EITB.EUS

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan duenez, euriak eta lurraren ezegonkortasunak ez dute bermatzen erreskate lanetan ari direnen segurtasuna, eta horregatik eten dituzte, oraingoz, lanak.

1:25
Eitzagako bizilagun bat, zabortegia non dagoen erakusten.

Zaldibarren ostegunean izan zen luizian desagertutako bi langileen bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte berriro eguerdian, erreskate taldeentzako baldintza egokiak ez daudelako. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, euriak eta lurraren egoera ezegonkorrak ez dute bermatzen bilaketan ari direnen segurtasuna, eta badaezpada lanak etetea erabaki dute, arriskuak saihesteko. Egoera aztertu ondoren, bihar erabakiko dute lanei berrekin edo ez. Atzo goizean ere, etenda egon ziren lanak, amiantoa aurkitu zutelako behera etorritako lurretan. 

Gaur goizeko 09:00ak inguruan hasi dira lanean luiziaren tokian, desagertutako langileen bila, gauean denak geldirik egon ondoren.  

Bi langileen ibilgailuak aurkitu zituzten atzo, hondakinen artean

Ostegun arratsaldean izan zen luizia, 16:00ak inguruan, eta lurrek AP-8 autobide osoa hartu zuten, bi noranzkoetan. Ordutik falta dira bi langileak, Markinan bizi zen 62 urteko gizonezko eibartar bat eta 51 urteko zallatarra. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, bi langileon ibilgailuak aurkitu zituzten atzo, hondakinen artean.

50 bat pertsonak osatzen dute erreskate taldea, eta txakurren laguntzarekin ari dira lanean. Helikopteroak, droneak, hondeamakinak eta dozena bat kamioi daude bertan lanean. Halaber, amiantoa zegoela jakin zenetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak substantzia arriskutsuak kudeatzen aditua den enpresa bat eraman zuen lanak kontrolatzera, eta erreskate taldeko kideek babes neurri bereziak hartu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera, Eitzagako zabortegiak hondakin industrialak biltzeko lizentzia zuen; amiantoa izan dezaketen fibrozementuzko estalkiak jasotzekoa, besteak beste.

Zabortegiak Udalaren baimena zuen 2011z geroztik, eta 2013an Ingurumen Baimena berritu zuen, Zaldibarko Udalak argitu duenez.

"Arau-hauste larriak"

Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen enpresan. 2019ko uztailaren 10ean izan zen azkena eta handik atera zen txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen lau arlotan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari azken ikuskapenean, eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prentsa oharra kaleratu du gaur, jakinaraziz Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi ziela, eta tartean, ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela zioen: "Ondoriozta daiteke, ikuspegi globaletik, zabortegia egonkorra dela egungo konfigurazioarekin, bai haustura zirkularrei dagokienez, bai oinarrizko konformatuaren ahultasun-planoaren ondoriozko bloke-hausturei".

"Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten"

"Betetze-dinamika berarekin jarraituz gero, ondorioztatzen da zabortegiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako egonkortasun-irizpideen arabera jokatuko duela, bai egoera normal batean, bai drainatzeak huts egiten duen istripu-egoera batean" gaineratzen zuen txostenak.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak egiaztatutako arau-hausteak zeintzuk ziren galdetuta, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ondorengo kasuak aipatu ditu: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta -kantitate txikian izanagatik- eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten".

Luiziaren tokian izan da gaur eguerdian Moreno eta hantxe galdetu diote zer neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak Ikuskaritzaren txostena zein Verter Recycling enpresak hari erantzunez aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoren: "ez da arazoak ez direnik konpondu. Arazo batzuk berehala konpondu ziren eta beste batzuk konpontzeke zeuden, eta baloratzen ari ginen espediente zigortzailea ireki edo ez".

Sutea, zabortegian

Bestalde, atzo ilunabarrean sutea piztu zen Zaldibarko zabortegiaren goialdean. Suhiltzaileek esan dutenez, bertara iristea "ia ezinezkoa" da, eta "kontrolpean" duten arren, ezin dute itzali.

Airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dago, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dago, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Ingurumen Sailak ohar batean azaldu duenez, airearen kalitatea kontrolatzeko estazio bat bertaratu da goizean, zonaldeko kutsadura maila kontrolatzeko helburuarekin.

Teknikariak airea etengabe kontrolatzen ari direla erantsi dute. "Oraingoz kutsadura maila parametro normaletan dago", zehaztu dutenez.

Gainera, URA agentziako ikuskatzaileak bertaratu dira. Ibaira isuri daitezkeen uren egoera kontrolatzeko egunero laginak hartuko dituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena