Gizartea -
Polizia-operazioa
16 atxilotu Bizkaian eta Gipuzkoan, narkotrafikoaren kontrako operazio batean
Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak elkarrekin egindako operazioa izan da. Beste 16 lagun atxilotu dituzte, eta droga-trafikoan zebilen Estatuko talderik aktiboenetako bat desegin da.
EiTB.EUS
Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak 15 lagun atxilotu dituzte Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan, droga-trafikoa, erakunde kriminala, armak legez kanpo edukitzea eta agirien faltsutasuna egotzita. Narkotrafikatzaileen talde baten desegitean egin dituzte atxiloketak, hiru polizia-erakundeek elkarrekin egindako operazio batean, eta, horrela, droga-trafikoan zebilen Estatuko talderik aktiboenetako bat desegin dute. Prentsa-ohar baten bidez zehaztu dutenez, beste 16 lagun ere eraman dituzte atxilo, espainiar Estatuko beste probintzia batzuetan.
Euskadin, 16 atxiloketez gain, agenteek 19 etxe miatu dituzte, Bilbon, Loiun, Getxon, Urdulizen, Erandion, Sestaon eta Tolosan. Miaketa horietan, kilogramo bat baino gehiago heroina atzeman dituzte, bai eta 22.000 euro ere (dirua erakunde kriminaleko buruaren Bizkaiko etxean atzeman zuten; ezkutuan zegoen). Gainera, marihuana landatzeko plantazio bat desegin dute Lezaman, bai eta speeda aizundu eta ontziratzeko lokal bat Urdulizen. Bizkaiko eta Gipuzkoako droga-salmentako puntu batzuk ere desegin dituzte.
Taldeak, bereziki, marihuana esportatzen zuen Holandara eta herrialde horretatik gertuko beste herrialde batzuetara, eta heroina eta speeda inportatzen zituen. Gutxienez, 32 kide zituen bandak, eta oso espezializatuta zeuden kide horiek. Guztira, 200 kilogramo droga, 45.000 euro, 5 su-arma eta 12 ibilgailu atzeman dituzte.
Operazioa 2019ko lehen hiruhilekoan hasi zen. Orduan, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala Valladoliden droga saltzen zuten hainbat lagun ari ziren ikertzen. Agenteek, alabaina, tamaina handiko jarduera kriminaleko banda bat detektatu zuten; Bizkaian, Gipuzkoan, Valladoliden, Sevillan eta Asturiasen zegoen taldea, eta egitura handia zuen, bai eta antolaketa nabarmena ere.
Poliziaren iritziz erakundeko burua den herritarra Bizkaian bizi da; aurretik ere atxilotu zuten, 2011n, 150 kilogramo kokaina izateagatik.