Gizartea -
Indarkeria matxista
Leporatutako sexu eraso akusazioen "erantzukizun osoa" onartu du Placido Domingok
Tenore ezagunak barkamena eskatu die sexu erasoa egotzi zioten emakumeei, eta operaren mundua emakumeentzat seguruagoa izatea nahi duela ziurtatu du ohar batean.
Agentziak | Erredakzioa
Placido Domingo tenore ezagunak barkamena eskatu die sexu erasoa egotzi zioten emakumeei, eragindako minagatik, eta azken hilabeteetan salatutako jokabideen "erantzukizun osoa" bere gain hartzen duela ziurtatu du.
Astearte honetan zabaldutako ohar batean, 2019ko abuztuan gertatutakoaz "hitz egiteko eroso" sentitu ziren lankideekiko errespetua agertu du Domingok. "Orain ulertzen dut horietako emakume batzuk bere ibilbide profesionalean izan zezakeen ondorioengatik zintzo hitz egiteko beldur izatea", aitortu du.
"Azken hilabeteetan salaketa horiek aztertzeko egindako hausnarketaren ondoren", gertatutakoarekin "hazi" egin dela ziurtatu du tenoreak. "Nire asmoa izan ez bazen ere, inork ez luke inoiz modu horretan sentitu behar", gaineratu du.
Gauzak horrela, operaren industrian "aldaketa positiboa egiteko konpromisoa" duela adierazi du Placido Domingok, "inork ez dezan gauza bera jasan behar". Bere esanetan, "operaren mundua emakumeentzat seguruagoa izatea nahi dut, eta beste batzuek nirekin bat etortzea espero dut".
20 bat emakumek sexu erasoak salatu eta hilabete batzuk geroago egin ditu adierazpen horiek musikariak. Dena dela, Washingtongo eta Los Angeleseko operetan goi-karguak bete zituenean "gehiegikeriak" egin izana "ezinezkoa bezain pentsaezina" zela ziurtatu zuen hasieran.
"Ezagutzen nauten pertsona askok badakite ni ez naizela inoiz salatu nauten bezalako modu erasokor, oldarkor eta zakarrean aritu", esan zuen artistak azaroan, oholtza gainean mende erdi baino gehiago igaro ondoren jendeak "soberan ezagutu" beharko lukeela esanez.
Domingoren aurka jarritako salaketen aurrean, hitzartutako emanaldi batzuk bertan behera geratu ziren, San Frantziskoko Operakoak eta Dallasekoak kasu. Horrez gain, tenoreak Los Angelesko Operako zuzendari nagusi gisa dimisioa eman zuen.
Emakumeak jazarri zituela frogatu du ikerketak batek
Barkamena eskatu eta ordu gutxira, Estatu Batuetako operako sindikatuak egindako ikerketa batek ziurtatu du Placido Domingok hamarnaka emakume sexualki jazarri zituela bere nagusitasuna baliatuta.
Sindikatuak frogatutzat eman du tenoreak jarrera desegokia izan zuela hamarnaka emakumerekiko, lantokian nahiz lanetik kanpo. Ikerketa irailean abiatu zuten eta gaur jakinarazi dituzte ondorioak.
Ikerketaren xehetasunak ez dituzte argitaratu, baina zenbait komunikabide estatubatuarren arabera, 27 emakumek eman dute bere testigantza. Washingtongo eta Los Angelesko Operako zuzendari zenean, sexualki jarri zituela kontatu dute.