Gizartea -
Zaldibarko luizia
Sindikatuek Zaldibarren luizia salatzeko martxoaren 12ko mobilizazioa babestu dute
ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek Zaldibar Argitu! plataformak martxoaren 12an 12:00tik 15:00etara antolatutako mobilizazioa babestu dute.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek plataforma hiritarrek antolatutako mobilizazioa babestu dute. Hain zuzen, Zaldibar Argitu! plataforma herrikoiak datorren martxoaren 12an 12:00etatik 15:00era antolatutako protesta ekitaldiarekin bat egitera animatu dituzte herritarrak.
Sindikatuek gogorarazi dute duela hilabete bat, otsailaren 6an, Zaldibarren luizi bat eman zela eta dagoeneko bi langile desagerturik daudela. Era berean, nahiz eta arduradunek ezbeharra deitu, Zaldibarren izandakoa Verter Reciclingen kudeaketa desegokiaren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol faltaren eta ekoizpen zein kontsumo ereduaren gogoeta ezaren ondorioa dela adierazi dute.
Sindikatuek salatu dute Zaldibarren edozein hondakin mota jaurtitzen dela, "kontrol zein tratamendu egokirik gabe" eta gaineratu dute, zabortegiak "ez du baimenik bota diren hondakin arriskutsuak hartzeko".
"Amiantodun hondakinak jasotzeko baimena zeukan, baina langileek ez zuten ez tratamendu ez ekipamendu berezirik erabiltzen horretarako. Hondakinak hegal batean pilatzen ziren finkapen lanik gabe eta hegalean arriskutsuak ziren arrailak zeuden. Aurretik beste luizi batzuk eman dira baina ez dira erregistratu eta azkenean, langileek salatzen zutena suertatu da", gaineratu dute.
Sindikatuen aburuz, kutsakorra eta arriskutsua den zabortegia batek Eusko Jaurlaritzaren "kontrol zorrotza" edukitzera derrigortuta dago eta "beste alde batera begiratu du". Sindikatuek azpimarratu dute azken ingurumen behaketetan Zalbirrarek 23 hutsegite zituela, baina "espedientea ireki eta enpresa salatzeko" moduakoak ez zirela salatu dute.