Gizartea -

ZALDIBARKO LUIZIA

"Oso kezkatuta gaude, gure senideen bilaketa bigarren mailan geratzen ari delako"

Gorpuak aurkitzea eta Zaldibarren gertatutakoa argitzea, besterik ez dutela eskatzen esan dute Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen senitartekoek.

Helene Alberdi
Helene Alberdi
''Kezkatuta gaude gure senideen bilaketa bigarren mailan geratzen ari delako''

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarko luizian desagertutako bi langileen senitartekoak agerraldia egin dute gaur goizean Eitzagan, hondakindegia dagoen auzoan. Haserre eta oso kezkatuta agertu dira, euren senideen bilaketa "bigarren mailan" geratzen ari delako.

Sololuzeren bi ilobak hitz egin dute hedabideen aurrean, bi familien izenean. Helene Alberdik esan duenez,  egoerak bere horretan jarraitzen du eta desagertutako bi langileak lurpean daude, oraindik. Bitartean, euren oinazea geroz eta handiagoa dela nabarmendu dute.

"Gertatutakoa argitzea" eta "gorpuak aurkitzea", besterik ez dutela eskatzen adierazi du Alberdik.

Ez dutela instituzioen enpatia handirik jaso esan dute, ezta enpresaren jabearena ere. Oraindik, ez dute haren doluminik jaso.

Zabortegian egiten ari diren bilatze lanen nondik norakoak gertutik jarraitzeko, familia eta teknikarien arteko batzorde bat sortzea nahi dute.

Azkenik, bilaketa lanetan diharduten pertsonei eskerrak eman dizkiete, eta baita, gizarteari ere, egun zail hauetan emandako babesagatik.

Atzo bete zen hilabete, Eitzagako zabortegia behera etorri zela. Gertakari larri hark krisi hirukoitza eragin zuen: osasun arlokoa, ingurumen arlokoa, eta baita politikoa ere, EAE kanpainaurre betean dela.

Euriak lanak "zaildu" ditu

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakitera eman duenez, azken orduotan botatako euri jasek "asko zaildu dute" Zaldibarko zabortegian egiten ari diren bilaketa. Makina astunekin ari dira desagertutako langileen bila, eta eguraldiak laguntzen ez badu ere, lanak asteburu osoan ez dituztela etengo esan du Gasteizko Exekutiboak.

Agirian zehazten denez, lurra ateratzen ari dira, eta ondoren aurrez zehaztutako toki jakin batean pilatzen dute, baheketa zorrotzagoa egiteko.

Gaur eta bihar B4 izena jarri dioten eremuan arituko dira lanean; inguru horretan agertu zen Beltranen autoa. Atzo, B1.3 eremura joateko bidea zabaldu zuten, eta hor ere, lanean ari dira azken orduotan.

Jaurlaritzaren arabera, beste langile talde bat batu da erreskate taldera, B2 eta B3 guneetan bilatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Zaldibar Luiziak gaur Durangaldea gaur